Aurten, Patricia -Lisaren ama- Gaintzan egon denean liburu zoragarria oparitu digu. Robin Wall Kimmerer iparramerikako emakume indioaren “The Serviceberry edo La Abundancia del Guillomo”. Botanikan irakasle den emakume baserritar hau udazkenean zuhaizka honen fruituak biltzen ditu mendian gero pastelak eta marmeladak egiteko, baita auzokide ela lagunekin partekatzeko. Bueltan besteek ere baratzean dutenaren parte bat ematen diote. Horrela sortzen da ekonomia zirkularra edo hartu-emanaren ekonomia.
Udazkenean gaude eta Araitzen gaztainak eta intxaurrak biltzeko garaia da. Baratzean oraindik asko dago eguraldi epelari esker. Udan zehar lurrak guk jan genezakeena baino gehiago eman digu eta guk lagun eta familiarekin konpartitu ditugu. Aurten ia kalabazarik eta tomaterik ez dugu izan Perunean baina Jose Marik eta Jose Manuel auzokideek oparitu dizkigute, horrela ez zaigu faltako negurako. Guk, aldiz, mahatsa eta Lisak egindako gailetak ematen dizkiegu. Horrela izan da herrietan betidanik, elkarri laguntzen, elkarren artean zegoena partitzen.
Gaur egun indibidualismoa eta honekin batera datorren gutizia gure gizartearen gaitz handiak dira. Herri, auzo edo bailara batean konpartitzen badugu eta elkar laguntzen badugu komunitatea eraikitzen dugu eta garai estuak etorriko direnean gure indarra izanen da.