ELKARRIZKETA: Itsaso Bakedano (Baldorba- Eraso)

“Sexualitatea ez da genitalekin egiten dugun hartara mugatzen, gai zabalagoa da”

Mailope Aldizkaria 2025eko azaroaren 6a

Itsaso Bakedano sexologoa. Argazkiak: Itsaso Bakedano.
Itsaso Bakedano sexologoa da. Eskualdean familia, bikote,
ikasle, gazte zein helduentzako sexu-hezkuntzako saioak,
hitzaldiak eta tailerrak eskaini izan ditu, besteak beste:
Betelun, Atallun eta Lekunberrin. Duela hiru urte hasi zen
sexologia lantzen; aurten laugarren ikasturtea da. Sexu hezkuntza egiteaz gain, kontsulta bat dauka Iruñerrian.
Bere ardatz nagusia sexu-hezkuntza da, baina Itsaso
Bakedano proiektuaren barruan aholkularitza sexologia kontsulta ere badago: bertan kezka eta galderak dituzten
herritarrak laguntzen ditu. Kontsulta Sanduzelain dago,
Kresala izeneko klinikan, eta Donostiara ere joaten da.

Zer ikasi zenuen sexologoa izateko?
Lehenengo Arte Dramatikoak ikasi nituen; ondoren, hezkuntza, eta azkenik sexologia masterra egin nuen. Orain psikologia ikasten ari naiz, bi arloek lotura handia baitute.

Zergatik aukeratu zenuen sexologia zure lanbide gisa?
Ikusi nuen aukera zegoela honetaz bizitzeko, eta gizarteak jakin-min handia duela gai honen inguruan. Garai batean Uharteko Udalean (Iruñerrian) gazteekin lan egiten nuen, eta han ikusi genuen norbait formatu behar zela sexologian. Uharteko Udalari esker naiz sexologoa: haiek ordaindu zidaten formazioa eta Madrilen ikasteko aukera eman zidaten.

Aspalditik nuen gogoa, eta ikusi nuenean erizaina edo psikologoa izan gabe ere aukerak nituela, horretan murgiltzea erabaki nuen. Hezkuntza-munduan beti lan egin izan dut, eta sexologiak bai pertsonalki bai profesionalki ate asko ireki dizkit. Gaur egun sexologia da nire ogibidea. Urte batzuetan lanaldi erdian ibili nintzen, baina gaur egun %100 horretan ari naiz. Proiektu propio bat sortzea ez da erraza, baina denborarekin ikusi dut horretaz bizi naitekeela, zoriontsu gainera.

"Sexualki analfabetoak gara"

Eman al duzu ikastaro edo hitzaldirik Araitz, Betelu, Lekunberri edo Larraunen?
Bai. Eskualdeko Euskara Zerbitzuarekin koordinatzen saiatu naiz; pasa den ikasturtean, Euskararen Astean zehazki, “Erotikan, desirak eta sexualitatea” izeneko tailerra eman nuen. Lekunberriko Udalarekin, eskolan sexu-hezkuntzako saioak eman ditut, bai ikasleentzat bai familientzat.

Arlo formalean ez ezik, ongizate emozionalaren inguruko proiektu batean ere parte hartu dut Lorea Zulet psikologoarekin eta Ana Gurrea nutrizionistarekin batera; Lekunberriko Udalaren ekimena izanik, hainbat saio eman ditut emakumearen sexualitatearen eta menopausiaren inguruan.

Irurtzungo Gizarte Zerbitzuekin ere lanean aritu naiz pornografiak sortzen dituen ondorioei buruz hausnartzeko; horren baitan, “Generación porno” dokumentala proiektatu genuen Lekunberriko Txikiparkean. Beteluko Araxes Ikastetxean eta Araizko Udalean, Gizarte Zerbitzuekin elkarlanean, hitzaldiak eta DBH 1. eta 2. mailako ikasleentzako sexu-hezkuntzako saioak emateko aukera izan dut.

“Gizakiok behar unibertsal bat dugu: norbaitentzat garrantzitsuak izatea”

Eta nolakoak izan dira saio horiek?
Oso desberdina da eskoletako ikasleekin edo helduekin lan egitea. Eskoletan denek sexu-hezkuntza jasotzen dute, eta hori abantaila handia da. Saio bat edo bi badira ere, saio horietan parte hartzea ezinbestekoa da.

Helduekin, berriz, desberdina da. Formakuntza jasotzea ez da derrigorrezkoa, eta interesatuak joaten dira. Parte hartzaileak gizonak zein emakumeak izaten dira. Egia da menopausiari buruzko tailerretan gizonezkoak gutxi agertzen direla, baina gai irekiak direnean —pornografiaren dokumentalaren harira, adibidez— guraso asko joaten dira, bai aitak eta bai amak.

Oraindik ere gai hau tabu da gure gizartean. Hala ere, aipagarria da orain arte eman ditudan tailerrak benetan arrakastatsuak izan direla. Talde txikiak sortu dira, 7 eta 15 lagun artean, eta Araitz eta Beteluko Euskararen Astean 20 lagun inguru bildu ginen; oso esperientzia polita izan zen.

Bakedano utero itxurako pieza batekin.

 

Zure iritziz, zein dira sexu-hezkun­tzak dituen erronka nagusiak?
Herri txikietako eta handietako egoera antzekoa da. Guraso gehienek haien egunerokoan ez dute sexualitateaz hitz egiten. Horregatik, askotan pentsatzen dugu gure haurrei gertatzen zaiena bakarra dela, baina gero konturatzen gara ohikoa dela. Oraindik ere mamu beltz bat da gai hau: ari gara tabuak hausten, baina ez da eguneroko elkarrizketa.

“Ez dut esan nahi sexuaz etengabe hitz egin behar denik, baina ezkutatzeak lotsa eta ezjakintasuna sortzen ditu”

Kirol ekintzetan, adibidez, jendeak proteinei edo erronkei buruz hitz egiten du, baina ez intimitateaz. Ez dut esan nahi sexuaz etengabe hitz egin behar denik, baina ezkutatzeak ezjakintasuna eta lotsa sortzen ditu. Askotan, espazio egoki bat eskaintzea besterik ez da behar, eta orduan elkarrizketa irekia sortzen da.

Adibidez, menopausiari buruzko tailerretan ikus daiteke hori: gorputzaz hitz egitea normalizatuz gero, askeago bizi gara.

Adin-taldeen arabera ikuspegia aldatzen da?
Bai, eta askotan sexologia gazteekin soilik lotzen dugu, baina sexualitatea haurtzarotik zahartzaroa arte bizitzen da. Etapa bakoitzak bere kezka eta ikuspuntuak ditu:

Haurrek “norekin egon nahi dudan”, “zer gustatzen zaidan” galdetzen hasten dira; gazteek, ligatze kontuekin edo lehen musuekin; eta helduek, bikote-harremanak, banaketak edo desira mantentzea bezalako gaiekin.

Nire ustez, gizakiok behar unibertsal bat dugu: norbaitentzat garrantzitsuak izatea. Ez sexu-harremanagatik, baizik eta maitasun hori sentitzeko behar­rarengatik. Izan ere, sexualitatea ez da genitalekin egiten dugun hartara mugatzen, gai zabalagoa da: gorputza, emozioak eta harremanak barne hartzen ditu.

Familietan oraindik tabu handia al dago?
Bai, sexualki analfabetoak gara. Belaunaldiz belaunaldi, ia ez dugu sexualitateari buruzko transmisiorik egiten. Emakumeak mendeetan erditu dira, baina oraindik hilekoaren inguruan isiltasun handia dago. Pixkanaka apurtzen ari da, baina oraindik ere lehenengo eiakulazioari buruz ez dugu hitz egiten. Horregatik, oinarrizko gaiak ez dira naturalizatu.

Eskolan, gainera, sexu-hezkuntza askotan ugalketara edo genitaletara mugatzen da, edo gehienez antisorgailuetara. Horri buruz hitz egin behar da, baina ez da nahikoa. Sexualitatea askoz ere zabalagoa da: plazera, desira, autoestimua, gorputz-irudia, emozioak…

Azken urteetan, 10-12 urteko haurrek adinaren aurkako ukenduak eskatzen dituzte, edo gero eta gazteagoak gimnasiora joaten dira gorputz atletikoaren bila. Edertasun-kanon horrek presio handia sortzen du. Lan handia dago egiteko.

Eta etorkizunean...
Ikasturte honetan, Nafarroako Hezkuntza Departamentuak eta Osasunbideak elkarlanean, sexu-hez­kuntzako pilotaje bat abiaraziko dute. Horren bidez, sexologoek beharrezko formakuntzak emanen ditugu ikastetxeetan.

Orain arte sexu-hezkuntza udalen, gizarte-zerbitzuen edo guraso-elkarteen esku zegoen; interesatuen eskuetan, alegia. Orain, helburu nagusia oinarrizko ikasgaia bihurtzea da.

Horrez gain, Udako Euskal Unibertsitatearekin elkarlanean ikastaroak ematen ditut, eta kontsultan lanean jarraitzen dut. Egia esan, azken urteetan dena Iruñean zentralizatu da, eta nik landa eremura eraman nahi dut. Landa eremuak ez du hirien dependentzia izan behar; zerbitzuak herri txikietara eraman behar dira. Ni ere landa eremukoa naiz eta herri horrelako eremuak zaintzea ezinbestekoa dela pentsatzen dut.

Amaitzeko, norbaitek informazio gehiago nahiko balu edo elkarlanean aritzeko nire web orrialdera jo dezake:  www.itsasobakedano.eus

Nirekin harremanetan jar daiteke ere @itsasobakedano Instagram bidez, 623 270 981 telefono zenbakira deituz, edo Sanduzelaiko Kresala kontsultara joanez.

Bakedano liburu batekin azalpenak ematen.