Iruñekoa zara, ezta? Zer ikasi zenuen?
Bai, Iruñekoa naiz eta irakaskuntza ikasi nuen. Beraz, ogibidez irakaslea naiz, baina Irati Irratian esatari lanetan aritzeko aukera izan nuen. Bizitako esperientzia hartan irrati batean lan egiteko gai nintzela konturatu nintzen.
Beraz, Aralar Irratiaren lan-eskaintza ikusi nuenean ez nuen zalantzarik izan eta nire curriculuma bidaltzea erabaki nuen.
Komunikaziorako jakin-min berezia duzu?
Bai, ikasketen noranzkoa finkatzeko garaian, kazetaritza edo irakaskuntza hautatzeko zalantza izan nuen. Azkenean, irakaskuntza hautatzea erabaki nuen. Gauzatu dudan ibilbidearekin pozik sentitzen naiz.
Egun komunikazioaren munduan amaitu dut, eta agian, kazetaritza ikasi izan banu, beste nonbait egongo nintzateke.
“Martinen maila mantentzeko gai izatea espero dut”
Irratian Martin Juanenaren maila mantentzeko erronka izango duzu...
Martinen maila mantentzeko gai izatea espero dut eta nire ahotsa entzuleei gustatzea baita ere. Egunero ahalegintzen naiz ahotsaren erabilera eta ahoskera ongi lantzen.
Bizitzan zehar nire ideiak gero eta hobeago adierazten ikasi dut eta lan egiteko gogoz nago. Halaber, nire helburu nagusietako bat entzuleak pozik sentitzea da.

Zein izango da proiektu komunikatiboaren norabidea?
Mailope Aldizkaria eta Aralar Irratia eraldatze prozesuan hasi dira. Herritarrei begira eta profesionaltasun-irizpideak ardatz hartuta, bide berri bati ekin diogu, aldizkaria eta irratia elkarlanean garatuz.
Tokiko komunikabide sendo, dinamiko eta sakonago bat eskaini nahi dugu, kalitatezko informazioa lantzeko eta komunitatearen parte-hartzea sustatzeko. Tokikom komunikazio-kooperatibaren laguntzarekin, eta Araitz, Betelu, Larraun eta Lekunberriko udalen babesarekin, komunikazio-eredu berri bat sortuko dugu Lekunberri, Larraun, Betelu eta Araitzen.
Halaber, proiektu komunikatibo berri honekin aldizkaria eta irratia osagarriak izatea lortu nahi dugu. Irratian lantzen diren gaiak mailope.eus webgunean eta sare sozialetan (Instagram: @aralar.irratia, Facebook: Aralar Irratia) osatu eta elikatuko ditugu.
Aldi berean, aldizkarian lantzen diren erreportajeak, artikuluak eta elkarrizketak irratian partekatuko ditugu, betiere edukien oreka eta zentzua mantenduz.
“Egunero ahalegintzen naiz ahotsaren erabilera eta ahoskera ongi lantzen”
Zure iritziz, irratian inprobisatzeak arriskuak sortu ditzake?
Bai, noski. Baina Martinen inprobisazio gaitasun horretatik ikastea espero dut. Hala ere, nik ere irratiaren funtzionamendurako ideia eta iritzi berriak ditut, eta gustura partekatuko ditut Martinekin zein entzuleekin.
Egia da inprobisatzen jakitea garrantzitsua dela, baina antolakuntza bat mantentzea ere beharrezkoa da.
“Nire helburu nagusietako bat entzuleak pozik sentitzea da”
Musikaria ere bazara...
Bai, Streetwise eta Apotheke 90 talleetako bateria-jotzailea naiz. Azkenaldian bateria elektronikoa ere jotzen hasi naiz, eta horrela nabil, beti ikasten.
Musika mundua ongi ezagutzen dut, eta entzuleei ahalik eta musika anitzena eta kantu ederrenak eskaintzen saiatuko naiz.


Ilusioz beterik zaudela dirudi...
Bai, ilusio handiz nago. Nire esku dagoena egingo dut egungo entzuleria mantentzeko, indartzeko eta entzule berriak erakartzeko.
Gainera, sare sozialen bidez gazteengana iristeko asmoa dut, irratia belaunaldi berrietara hurbiltzeko.
“Ilusio handiarekin sartu naiz proiektu komunikatibo berri honetan”
Gustatuko litzaizuke jendeak zu ezagutzea?
Bai, noski. Kalean ikustean edo dei baten bidez ezagutzen banaute benetan pozgarria izango litzateke. Egia esan, irratian lan egiteak jendearekiko ardura handia dakar, baina hartu-eman hori biziki gustatzen zait.
Lehen aipatu bezala, ilusio handiarekin sartu naiz proiektu komunikatibo berri honetan. Aralar Irratiak orain arte egindako bideari jarraipen on bat ematea espero dut, eta nire ideia berriak partekatzeko gogoz nago.