Uztailaren 8an eta 9an grabatu zituen “Diamantea” eta “Zilarra” kantuak Londresko Abbey Roaden; besteak beste, The Beatles, Pink Floyd edo Amy Winehouse artistek grabatu zuten estudio berean.
Diskoaren ekoizpena Jordi Matasen eskuetan egon da, eta Karlos Aranceguik jarri du bateria. Gorkak, berriz, bere ohiko sentimendu eta zintzotasunarekin abesti ederrak sortu, abestu eta gitarra zein pianoa jo ditu.
Tabakaleratik zuzenean eginiko aurkezpenean, Urbizuk gauza txikien edertasuna eta samurtasuna kantuan jarri ondoren liluraren aldeko “barrikadan” jarraitzen duela azaldu zuen. Hala, “Diamantea” “dantza triste” gisa jaio zen entsegu batean; “Zilarra”, berriz, Zaragozako soinu-proba batean.
Oraingoz, Bakan II da Urbizuren bakarkako ibilbidearen bigarren kapitulua; Hasiera bat eta Bakan I diskoen ildotik jarraituz, baina urrats berri bat gorago. Halaber, egiten ari denarekin eta egiteko moduarekin oso konektatuta dagoela adierazi du musikari lekunberriarrak. Horrela, Kantu berrien letra garbiek, tonu pertsonala eta soinu gardena eskaintzen dituzte. Horretaz gain, Arriguri talde bizkaitarrak sortutako bideoklipetan, naturaren handitasuna eta gauza txikien edertasuna azpimarratzen dira.
Gorkak azaroaren 17an amaituko du bira, eta dagoeneko sarrera guztiak agortu diren arren, ez galdu bere bideoklip ederrak ikusteko aukera.
Entzun eta ikusi hemen: