Gau Beltza Beteluko Araxes Ikastetxean

LH2 eta LH3 Araxes Ikastetxea 2025eko azaroaren 4a

Urtero bezala, eskolako Hizkuntza Batzordeak ,“S. Simon eta S. Juda” (urriak 28) abestiarekin batera, material desberdinak bildu eta eskaini zizkigun lanketarako: “Adimen gaua edo Gau Beltza” eta Hik Hasi-ren “Gau Beltza” unitate didaktikoa.

Urriaren 28an, Lizartzako Itziar Saenzen bisita izan genuen eta antzerki-giroko emanaldi zoragarria eskaini zigun. Bertan, Gau Beltzaren inguruko informazio ugari jaso genuen modu goxo eta hurbilean eta garai bateko aiton-amonen ipuinak entzun ere bai. Gure beldurrak hostotxo batzuetan islatu eta “uxa, uxa, beldurrak uxa” esanez su eman genien. Gainera, Itziarrek kalabaza haziak oparitu zizkigun, hotzean gorde eta garaia iristen denean ereiteko. Gelara itzuli eta emanaldiaren balorazioa egin genuen. Informazio guztia harrapatu genuen eta izugarri gustatu zitzaigun.

Borobiltzeko, urriaren 30ean, topaketa magikoa bizitzeko aukera izan genuen. LH2tik LH5ra bitarteko ikasleak bisitan joan ginen Beteluko Amavir-era Gau Beltza bertako egoiliarrekin batera ospatzera.

Aurretik, ikasleok “bertsoak” prestatu genituen; batzuk, Sahats bertsolariaren laguntzaz eta beste batzuk gure kabuz. Gaztelaniaz ere bai, batzuk ez baitakite euskaraz.

Eguraldia lagun, oskarbi eta epel, oinez iritsi eta dena prest topatu genuen: Eleni Tomeren gidaritzapean, egoiliarrak (batzuk mozorrotuta) mahaien bueltan kokatuta zeuden “Gau beltza bingoa” osatzeko paperekin, gure zain.

Ikasle guztiak egoiliarren baten ondoan kokatu ginen eta beraiekin batera bingoan aritu ondoren, urteak bete berri zituztenei opariak banatu eta “Zorionak zuri” kantatu genien.

Segidan, gure bertsoak eta kantuak eskaini genizkien. Ikusgarria izan zen han sortu zen giro “magikoa”: hurbiltasuna, goxotasuna, begiradak, ilusioa...sumatzen ziren. Eskolan eraikitako kartoizko sorgina horman kokatu genuen eta Talde Elkarreragiletan taldeka egindako marrazkiak oparitu genizkien. 

Juan Gorriti ere hantxe topatu genuen, mozorrotuta, guretzat egindako marrazki mordoarekin. Duela bi urte bere etxean hartu gintuen eta goiz ahaztezina pasa genuen berarekin. Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsen kantua egokitu eta kantatu genion: “Sentitu, pentsatu, ekin”. Denak agurtu eta eraikinaren kanpoko aldean argazki bat atera genuen berarekin.

Agindu genien eta Gabonetan eta inauterietan, gutxienez, itzuliko gara berriro. Bai horixe! Bitartean gutunak idazteari ekingo diogu!

 

Gure bertso batzuk:

GAURKOAN HEMEN GAUDE ZUEKIN

POZ-POZIK ETA ALAI BAI

IKUSTEKO ILUSIOZ GAUDE

ZUEKIN EGOTEKO ERE BAI

(ZUEK DAUKAZUEN POZA ETA

GUREAREKIN ELKARTUZ

ETA BETI EGONGO GARA

NAHI DUZUENEAN, DEITU) BIS

----------------

HOY ESTAMOS AQUÍ CON VOSOTROS

MUY FELICES Y CONTENTOS

ESTAREMOS UN RATO FELICES

 

CALENTITOS Y CON AMOR

(OLVIDEMOS UN POCO LAS PENAS

RECORDEMOS LA FELICIDAD

QUEREMOS ESTAR CON VOSOTROS

EN NAVIDAD Y POR CARNAVAL) BIS

 

LH2 eta LH3

Araxes Ikastetxea