Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak antolatutako ekitaldian, José Mª Aierdi sailburua, Rubén Goñi Landa Garapeneko zuzendari nagusia, eta Natalia Bellostas INTIAko zuzendari gerentea izan ziren, baita bitartekaritza-zerbitzua eskaintzen duen lantalde teknikoa ere.
Jardunaldian, Gaintzako Juan Luis Pellejero abeltzain beteranoaren lekukoa hartu duen Javier Saraleguiren ardi-abeltegira joan ziren. Horrela, belaunaldien arteko erreleboa ezagutzeaz gain, INTIAk eskaintzen duen bitartekaritza- eta tutoretza-zerbitzuaren berri izan zuten. Halaber, zerbitzu horrek laguntza ekonomikoa, aholkularitza teknikoa eta laguntza juridiko-fiskala eskaintzen die ustiategi bat hartu edo utzi nahi duten nekazari eta abeltzainei.
Ondoren, Beteluko Udaletxean tailer praktiko bat garatu zuten. Bertan, lehen sektorean hasteko erronkak eta aukerak aztertu zituzten: lurrerako sarbidea, finantzaketa, laguntza-sareen beharra, etab.
Zerbitzu hura, Lurberri programaren baitan garatu zen, belaunaldien arteko erreleboa sustatzeko beharra azpimarratuz. Azken urtean, programa horren laguntzari esker, 95 gazte eta nekazari berri sartu dira sektorean. Gainera, 2025ean 4,5 milioi euroko dirulaguntzak aurreikusi dituzte.
Horretaz gain, INTIAren bitartekaritza-taldeek, “kafe-errelebo” izeneko topaketak egiten dituzte Nafarroako hainbat tokitan, erretiroa hartzeko prest dauden nekazariak eta lekukoa hartu nahi duten gazteak elkartzeko. Dagoeneko, 60 herritarrek parte hartu dute Arribe, Arbizu, Lizarra eta Donezteben egin diren topaketetan.
Interesa dutenek INTIAren bitartekaritza-zerbitzuarekin harremanetan jar daitezke 948 013 040 telefonora deituz, edo intiaemprendimiento@intiasa.es helbidera idatziz.