Esanezin taldearen kontzertu lasaiak berotu zuen gaua Azkaraten

Mailope Aldizkaria 2025eko abenduaren 1a

Esanezin taldearen kontzertu lasaia Azkaraten.

Ianire Aranzabek gidatzen duen taldeak intimitatea eta doinu lasaiak eskaini zituen Araitz-Beteluko Kulturaldian.

Ostiral gauean, Esanezin taldearen kontzertuak 50 ikusle baino gehiago bildu zituen Azkarateko Elkartean, Araitz-Beteluko Kulturaldia 2025eko lehen ekitaldian. Ahots goxoz eta doinu lasaiez beteriko emanaldi intimoa eskaini zuten eta gau hotza berotzeko balio izan zuen.

Emanaldian, Ianirek bere letra eta konposizio propioak aurkeztu zituen, tartean "Hormetan idazten" azken diskoko abestiak. Bikote formatuan, giro berezia sortuz, abestiek nostalgiara zubi zuzen bat eraiki zuten.

Altzagaratetarra denez, Ianirek bere burua herri txikiko bizilagun gisa erreibindikatu zuen, eta Azkarate bezalako eszenatokiak ere kulturarentzat babesleku direla adierazi zuen. Eskerrak eman zizkien antolatzaileei, horrelako leku batean kantatzeko aukera emateagatik.

Ianirek Iñigo Asensio izan zuen lagun koroetan, kontrabaxuan eta teklatuan. Bikoteak txalo zaparrada jaso zuen kontzertu amaieran. Ondoren, bertaratuek musikariekin solasteko aukera izan zuten jarri zuten salmenta postuan.