Ez Araitz-Beteluko Kulturaldia 2025ek, ez Iparragirre ahizpa leitzarrek ez zuten erraza izan Nafarroako Bertsolari Txapelketa eta beste anai leitzar batzuk “kontraprogramatzea” larunbat arratsaldean. Hala ere, araiztar talde bat bildu zen Intzako Araitz-Erreka elkartean inprobisatutako zinema areto txikira.
Amaia Iparragirre dokumentalaren zuzendariak bere ahizpa Izaskunen minbizia prozesua jasotzeko beharretik sortu zen dokumentala egiteko ideia. Hasiera batean argazki bidez jasotzekoa zena dokumental bilakatu zen gerora. Bularreko minbizia pasa zuten Ester, Jaione, Edurne Lamuedra eta Edurne Mutuberria ezagunekin hitz egin eta hauen testigantzekin osatzea erabaki zuten dokumentala.
Filmak mahai gainean jartzen du, gordinki baina goxoki, bularreko minbiziaren gaia. Mintzagai izan zituzten emozioak azaleratzeko beldurrak, ausarta izateko betebeharrak, seme-alabak hazten ikusteko gogoak, eta batez ere heriotza... gaur egungo gizarteak ekiditen duen gaia.
Dokumentalaren arrakastaren karietara 2zi Elkartea eratu dute, Leitzan antolatzen dute elkartasun eguna urtero eta biltzen duten dirua Navarra Biomedera bideratzen dute, minbiziaren inguruko ikerketa sustatzeko.
Ikerketa zientifikoa bultzatzea eta osasun sistema publikoaren kalitatea mantentzearen garrantzia azpimarratu nahi izan zituzten filma amaitu ostean, Intzarrek prestatutako merienda mahai paregabearen bueltan.