Aralar Musika Eskolako abesbatzek kontzertua eskaini zuten atzo Betelun

Mailope Aldizkaria 2025eko abenduaren 1a

Eliza betea ikustea ez da oso ohikoa garai hauetan baina igandean Beteluko San Pedro eliza mukuru bete zen gure haur eta gaztetxoak kantuz ikusteko. Lurdes Navarroren gidaritzapean bikain aritu ziren kantuan Araitz-Betelu, Larraun, Lekunberri eta baita Areso eta Leitzako kantariak.

Bideoak: José Javier Irigoien.

Gaztetxoenekin hasi zen emanaldia, kantu motz bezain alaiekin, guraso zein entzule guztiei irribarre bat ateraz. Bizpahiru abesti egin zituzten koreografiekin lagundurik eta ondoren helduxeagoen txanda iritsi zen. Hauek, aldi berean talde helduenaren laguntzarekin, abesti bikainak kantatu zituzten, ahots desberdinetara emanaldiari puntu gehigarri bat emanez.

Azkenik, kontzertuari amaiera emateko, musikariek publikoari laguntza eskatu zioten “Isil-isilik” abestia kantatzeko, gure kantu ezagunenetariko bat, eta eliza osoa kantuan eta txaloka jartzea lortu zuten ekitaldiari bukaera biribila emanez.

Kosta zen publikoa handik mugitzea, gustura entzungo baitzituzten beste hiruzpalau kantu. Baina azkenean txalo zaparradaren artean abeslariak eszenatokitik jaitsi eta familia zein lagunen zorionak jasoaz pozik bukatu zuten denek.