Xabat Illarregi Marzolek irabazi du Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala

Mailope Aldizkaria 2025eko abenduaren 2a

Nafarroako Bertsolari Txapelketa 2025. Argazkia: Bertsozale.eus.

Xabat Illarregi Marzol leitzarrarentzat izan zen txapela, Joanes Illarregi anaiarekin buruz burukoa jokatu ostean. 

Zortzi bertsolari aritu ziren kantuan larunbatean: Julio Soto Ezkurdia gorritiarra, Ekhiñe Zapiain Arlegi, Eki Mateorena Zozaia,  Saioa Alkaiza Guallar, Joanes Illarregi Marzol, Xabat Illarregi Marzol, Eneko Lazkoz Martinez eta Sarai Robles Vitas.

2.500 bertsozale elkartu ziren Iruñeko Nafarroa Arenan. Saioaren aurkezleak Ainhoa Larretxea Agirre eta Ander Aranburu Arriola izan ziren. Epaileak, berriz; Amaia Telletxea Larretxea, Cesar Etxeberria Saez, Jon Diaz de Mendibil, Joseba Beltza Bengoetxea, Mikel Beaumont Arizaleta, Nerea Bruño Artazkoz eta Patxi Barberena Urroz. Idazkariak Ainhoa Goñi Castañares eta Nerea Goñi Begiristain izan ziren.

Arratsaldeko 17:00ak puntu-puntuan hasi zen Nafarroako Bertsolari Txapelketa finala, eta hasieratik ederki aritu ziren zortzi bertsolariak. Julio Soto gorritiarrak laugarren postua bereganatu zuen eta hirugarren postua Saioa Alkizarentzat izan zen. Hala, lehen fasea amaitu ostea, Xabat eta Joanes Illarregik lotu zuten buruz burukoa jokatzeko aukera. Gogotsu aritu ziren, eta azkenean sei puntu eta erdiko aldearekin Xabat Ilarregi izan zen irabazlea. Ondoren, Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartearen eskutik hartu zuen txapela bertsolari gazteak.

Nafaroako Bertsolari Txapelketa 2025. Argazkia: Bertsozale.eus. 

Zehazki, horrela gelditu zen finaleko sailkapena:

  1. Xabat Illarregi Marzol: 1205
  2. Joanes Illarregi Marzol: 1198,5
  3. Saioa Alkaiza Guallar: 732
  4. Julio Soto Ezkurdia: 724,5
  5. Eneko Lazkoz Martinez: 709
  6. Sarai Robles Vitas: 695,5
  7. Ekhiñe Zapiain Arlegi: 666
  8. Eki Mateorena Zozaia: 637

Julio Soto Nafarroako Bertsolari Txapelketan. Argazkia: Bertsozale.eus. 

Amaitzeko, hau izan zen Xabat Illarregi Marzolek agurrean kantatu zuen bertsoa:

Familiari eta lagunei,
hau zuen buruan dago.
Bertso ikasleei besarkada bat,
segi bertsotan luzaro.
Eta, Joanes, izango dira
halako egun gehiago.
Ta alderantziz tokatuko da,
hortaz oso ziur nago.
Baina herria eta hizkuntza
ez bihurtzeko bi bando,
esna gaitezen eta mugitu
gure mingain, gure zango.
Lo hartu ezkero lur honek ez du
hizkuntzarik eramango.
Ta hizkuntzarik ez duen herri
bat ez da herri izango.