Araitz eta Beteluko 2025 Kulturaldia aurrera doa

Mailope Aldizkaria 2025eko abenduaren 9a

Asteburu luzea izan dute Araitz eta Beteluko 2025 Kulturaldian antolatutako ekintzekin gozatzeko.

Argazkiak: Ane Irazu eta Ander Elizalde.

Zulotik mundura eskualdeko kirolariekin solasaldi bikaina izan zuten Errazkinen

Pasa den abenduaren 5ean hasi ziren astebururako aurreikusitako saioak Errazkinen. Mahai-ingurua Ibon Urtiaga, Cian Aranburu eta Conor Aranburu txirrindulariekin, Josu Elizalde, Ainara Otamendi eta Eneritz Arruti sokatiralariekin eta Ander Elizalde triatoilariarekin.

Kirol diziplina ezberdinak, ahalegin handia eta baliabide anitz eskatzen dituztenak, eta horiek guztiak jaso genituen gure gazteen ekarpenekin. Haien bizipenak, anekdotak, ametsak…partekatu zizkiguten aparteko giroa sortuz.

 

Primeran pasa zuten bertso afarian eta parranda gauean Atallun

Larunbatean, abenduaren 6an, bertsotarako eta parrandarako tartea izan zuten. Kulturaldian ezinbestekoa bihurtu den hitzordua!

Arratsaldeko 17:00etan eman zitzaion hasiera Mus txapelketa azkarrarekin.

Behin txapelketa amaituta tripa ondo bete eta kafea eta koparekin batera hasi ziren Igor Elortza eta Aitor Sarriegi bertsotan, Atalluko Arruñe elkartean bildutako guztien gozamenerako. Saio bikaina eskaini zuten.

Musikarekin eta lagunarteko giro goxoan eman zitzaion amaiera egunari.

 

Magia, umore garratza eta euskara: Andoni magoaren arratsalde arrakastatsua bizi zuten Lezaetan

Pasa den igandean, abenduak 7, Lezaetako eliza magiaren eta barrearen agertoki bihurtu zen, Andoni Martinez de Ustaran magoaren ikuskizunari esker.

Araitz eta Beteluko Kulturaldia 2025 egitarauaren barruan antolatutako ekitaldi bitxiak herritar ugari erakarri zuen, arratsalde desberdin batez gozatzeko asmoz. Ikuskizunak ez zuen inor epel utzi, bi osagai nagusi uztartu zituen maisuki: ilusionismoa eta umorea.

Andoni magoa jatorriz argentinarra da, baina duela lau urte Hernanin bizi da. Tarte horretan, bertako kulturan murgildu eta euskara ikasteko erronkari heldu dio. Nahiz eta bere ohiko emanaldi gehienak gaztelaniaz egin ohi dituen, Lezaetan euskaraz aritu zen noski, publikoarekin konexio berezia lortuz.

Umore argentinar garratzak, magia joko harrigarriekin nahastuta, giro ezin hobea sortu zuen elizan. Bertaratu ziren ikusleak gustura egon ziren, une batean barrez lehertzen eta hurrengoan, magoaren trebeziaren aurrean, aho zabalik eta txundituta.

Zalantzarik gabe, Lezaetakoa umorea, magia eta euskara uztartzeko hitzordu biribila izan zen.

 

Mailopean bizi: Araitz-Beteluko etxebizitzen egoerari buruzko interes berezia adierazi zuten herritarrek

Kulturaldiko bigarren asteburua gaur egun pil-pilean dagoen gai batekin bukatu da: Etxebizitza.

Iker Narbona, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako ordezkaria bertaratu zen Arribera, abenduaren 8an, Araitz-Betelun egoera zein den, landa eremuetan emantzipazioarekin dauden zailtasunak eta despopulazioaren oinarrian zer dagoen azaltzera. Zehatz eman zuen informazioa.

Herritarren parte hartzea bikaina izan zen saio honetan, 42 lagun hurbildu ziren.

Aurkezpena amaituta egon zen ekarpenak, kezkak, galderak… egiteko tartea, eta ongi probestu zuten bertaratutakoek haien zalantzak argitzeko.