Dirdirak eta Dardarak jaialdia egin zuten, abenduaren 6an eta 7an, Plazaolako bide berdean

Mailope Aldizkaria 2025eko abenduaren 11

Proiektuak lurraldea, memoria eta komunitatea elkartu zituen argiaren bitartez. Latasa eta Urritza arteko tartean egin zuten, 18:00etatik 21:00etara. Lehenbiziko aldia izan da Nafarroan argi arteen jaialdi bat naturan egin dutena, eta Aralar udal musika eskolak eta Talka txalapartariek ikuskizun zoragarri bat eskaini zuten.

Azaroaren 27an aurkeztu zuten Dirdirak eta Dardarak Iruñeko Geltoki gunean. Cristina Arozenarekin batera, Maria Pascual ere aritu zen argi arteen jaialdiaren zuzendari artistiko gisa. Gainera, parte hartu duten hamaika artistetatik hamar Euskal Herrikoak izan dira, eta ibilbidean erakutsi ziren hamabi obretatik zortzi sortu berriak ziren.

Proiektuaren izenari dagokionez, proiektuaren esanahia argi adierazi zuten argi arteen jaialdiaren webgunean: «Ilunabarrean Euskal Herriko herri eta baserriak argitzen dituzten dirdiretan inspiratuta, jaialdiak inoiz itzaltzen ez diren argiei egiten die omenaldi. Dirdirak belaunaldien artean bidaiatzen duten isla horiek dira; dardarak, berriz, oraindik bizirik gaudela gogorarazten diguten taupadak».

Beraz, abenduaren 6an eta 7an ospatu zuten egitasmoa, Plazaolako bide berdean, Latasa eta Urritza arteko tartean. Gaueko ibilbide bat antolatu zuten, zortziehun metro ingurukoa, iluntzean egiteko. Ibilbide horrek hiru fase izan zituen iraganaren, orainaren eta etorkizunaren arteko loturak eraikitzeko.

Hainbat ekitaldi egin ziren asteburu guztian zehar, eta abenduaren 7an, arratsaldeko 19:00etan Itxiera ekitaldia ospatzeko, gure eskualdeko Aralar udal musika eskolak eta Talka txalapartariek ikuskizun zoragarria eskaini zuten.

Antolatzaileen arabera, lehen aldia izan da Nafarroan argi arteen jaialdi bat naturan egin dena. Proiektua Plazaolan, Sakanan eta Ultzamaldean jasangarritasun turistikoa bermatzeko planaren parte da. Plan hori Europako Next Generation funtsen bitartez finantzatu da. Plazaola-Sakana-Ultzamaldea plana Cederna Garalur elkarteak kudeatzen du.