Galdera horri erantzuteko, Teknoadineko proiektua jaio zen, eta horren baitan, Zaintza Herriak izeneko prozesu parte-hartzailea. Beraz, proiektuaren helburu nagusienetakoak, bakardade egoerei erantzutea eta komunitate bizi, aktibo eta lagunkoia sortzea dira. Horrela, bizitzaren egoera eta une guztietan norbanakoak babestea espero dute.
Teknoadineko Lantaldearen hitzetan, “Komunitateak elkarlana indartzen badu, jende helduaren bizitza aktibatu eta herritarrak sendotzen dira. Horrela, jende helduaren bizi kalitatea hobetzen da”. Gainera, erretiratuen profila asko aldatu da “batzuetan etxean egotea onuragarria izan arren, herritarrek argi jakin behar dute kanpoan ere badutela beraientzako espazio bat” azpimarratu du.
Teknoadineko proiektua, zaintzaren eskubidea
Teknoadineko Altsasu, Etxarri-Aranatz eta Irurtzungo Gizarte Zerbitzuek bultzatutako sare komunitarioa da. Bere helburu nagusia 65 urtetik gorako pertsonek bizi dezaketen hauskortasuna eta bakardade ez hautatua prebenitzea da. Horretarako, komunitatearen baliabideak aktibatzean datza.
Beraz, proiektuaren dimentsio nagusia, bakardade egoeran dauden pertsonak ezagutzea da, modu prebentiboan. Hala, Garaian kooperatibako teknikariek eta gizarte zerbitzuekin batera egindako lanaren bidez, bakarrik bizi diren pertsonekin harremanetan jarri dira; beren ohiturak, beharrak eta babes sareak ezagutzeko. Honekin batera herrietako komertzio asko ere parte hartzen dute zaintza sarea osatzen, auzozainak dira eta gizarte zerbitzuekin konektatuta daude.
Dimentsio komunitarioa lantzeko aurten, zazpi udalerritan abiatu dira lan-saioak: Arbizu, Lekunberri, Araitz, Larraun, Imotz, Arruazu eta Ziordian. Saioen gai nagusiak bakardadea, zaintza komunitarioa, komunitatea, bizitza proiektuak eta herri bakoitzeko beharrak izan dira. Ondorioz, tokian tokiko ekintzak sortu nahi ditu proiektuak: taldeak, dinamika sozialak, sentsibilizazioa, laguntza sareak, espazio berriak... Halaber, ez da kanpotik gidatutako egitasmoa; herria da subjektua, ez objektua. Teknoadineko Lantaldeak azaldu duenez, “zaintzarekin konprometitu nahi duen komunitatea indartzen lagundu nahi dugu, zaintza bizitzaren oinarria da”.
Egungo adinduen bizitza geroz eta aktiboagoa da
Teknoadineko proiektuak jende helduaren etorkizunaren garrantziaz hitz egiten du. Proiektuak, bereziki, gogoa eta komunitateari asko eskaintzeko gaitasuna azpimarratzen ditu. Izan ere, adinak ez du etorkizuna mugatzen. Horregatik, Migel Astizek eta Arantxa Olidenek, bi aldaztarrek, haien esperientzia pertsonalak partekatu dituzte hurrengo elkarrizketatxoetan:

Ezkerretara Migel Astiz euskaltegiko ikaskideekin.
- Migel Astiz Garai (Aldatz) euskaltegiko ikaslea.
“Betidanik izan dut euskara ikasteko gogoa”
Migel Astizek 64 urterekin lan egiteari utzi zion, eta ordutik ikasteko grina berreskuratu du. Euskaltegiak burua aktibatzen laguntzen diola adierazi du, gainera, jende berria ezagutzeaz gain, bere sustraiekin lotura pertsonala berreskuratzen ari da.
Migel, zergatik erabaki zenuen euskaltegian izen-ematea?
Duela urte eta erdi lan egiteari utzi nion, 64 urterekin. Horregatik, euskaltegiko A1 ikastaroan izen-ematea erabaki nuen. Egia esan, betidanik izan dut euskara ikasteko gogoa, baina lehen, kamioiarekin egiten nuen lan eta asko bidaiatzen nuen. Ondorioz, ez neukan gogorik ez denborarik. Beraz, orain ordutegi malguagoa dudanez izena ematea erabaki nuen. Halaber, ikasten dudan guztia ongietorria izango da, baina estresik gabe, nire burua euskaraz hitz egitera eta ikastera behartu gabe, nahi dudalako baizik.
Osotara, hilabete eta erdi daramat euskaltegian. Oso gustura joaten naiz; gainera, giro polita sortzen da. Dagoeneko zazpi lagun gaude Mikel Martirena irakaslearekin. Baina nire ustez, euskaraz hitz egitea zaila da; gramatika konplikatua dela iruditzen zait. Hitz nahikotxo ezagutzen ditut, baina esaldiak osatzea oso zaila da, eta asko kostatzen zait aditzak eta gramatika ongi erabiltzea.
Nola laguntzen dizu euskaltegira joateak?
Orain nire burua azkarrago sentitzen dut; egunerokotasunean baino ariketa mental handiagoa egiten baitut. Beraz, ikasteak asko laguntzen nau, garuna lantzeko eta indartzeko onuragarria baita. Gainera, ahozkoa ere lantzen dugu, eta orain lehen baino hobeto moldatzen naiz. Egia esan, hizkuntza ulertzen dut, baina esaldiak osatzea konplexuagoa da.
Hala ere, euskara asko gustatzen zait, gure herri txikietako hizkuntza baita. Aita euskalduna zen; batzuetan euskaraz hitz egiten zigun, baina gutxitan, eta nire amak, ordea, ez zekien. Baina betidanik sentitu dut euskara gure hizkuntza dela, eta sentimendu hori asko gustatzen zait. Halaber, euskarak pentsatzeko modu bat sortzen du, eta hemengo herritarren artean ezinbestekoa da.
Euskara ikastea onuragarria dela uste duzu?
Bai, noski. Nahi duen edonori gomendatuko nioke euskara ikastea. Entretenigarria izateaz gain, ikastaroetan giro paregabea sortzen da, eta oso onuragarria da.

Ezkerretik hasita hirugarrena Arantxa Oliden txistua jotzen musika taldekideekin.
- Arantxa Oliden Txoperena (Mutriku – Aldatz) Aralar Musika Eskolako txistularia eta Kantuz Larraun taldeko abeslaria.
“Musikak integratzen lagundu nau”
Arantxa Mutrikun jaio eta Aldatzen hezi zen. Duela bost urte, Lekunberrira joan zen bizitzera, baina ez zuen inor ezagutzen. Pandemiaren ondoren, musika eskolan izena-emateko beldur hura gainditu zuen, eta horrek, jendea ezagutzen eta oraina bizitzen lagundu zion. Ordutik, txistua jotzen du, Kantuz Larraun taldeko abeslaria da eta herriko jendearekin harreman estuak sortu ditu.
Arantxa, noiz hasi zinen musika eskolan?
Erretiratu bezain laster Lekunberrira bizitzera joan nintzen. Ondorioz, ordu libre horiek aprobetxatzea erabaki nuen. Lehenengo adineko pertsonen elkartera hurbildu eta Jubilotekan izen-ematea erabaki nuen. Gustura nengoen arren, nire burua beste nonbait sentitzen nuen, baina oraindik, ez nintzen musika eskolara joatera ausartzen. Azkenean probatzera animatu nintzen eta eskolako azken solairura igo nintzenean bertan zegoen irakasle bati zera galdetu nion: - Zuri zer iruditzen zaizu? Badaukat adina musika ikasteko?-. Eta hark erantzun zidan: -Oso adin ona! Izan ere, musika ikasteko adinik ez dago. Etorri, ikusi, eta ea gustura sentitzen zaren. Azkenean, musika ez da ikastea bakarrik, musika sentitzea da-. Ongietorri hura bikaina izan zen.
Hala, maiatzean musika eskolara itzuli eta matrikulatu nintzen. Haurra nintzela txistua jotzen nuen eta oinarri oso-oso txiki bat neukan. Lehenengo kontzentrazioa mantentzen irakatsi zidan eta momentuan bizitzen ikasi nuen. Horrek lasaitasuna eta bizipoza eskaini zizkidan, eta klasean zein etxean instrumentua jotzen nuen aldiro zoriontsu sentitzen nintzen.
Asteak igaro ahala, Jabier Irigoien irakasleak, kalean jotzeko aukera adierazi zidan: -Ni? Kalera?- galdetu nion; eta hark baietz, prest nengoela. Hori entzuteak motibazio handia sortu zidan eta musika partekatzeko ahalmena sentitzen hasi nintzen. Horrek asko aberastu ninduen pertsona gisa. Oraingoz esperientzia zoragarria izaten ari da.
Geroago, helduen Kantuz Larraun taldean izena ematea erabaki nuen. Nik ez nekien abesten eta ez nuen eztarria inoiz landu, baina talde horretan bat gehiago sentitu nintzen. Orain, abesten ikasi dut. Egun, 16 lagun gaude eta taldea zoragarria da, gure artean primeran konpontzen gara. Kantuz Larraun taldeari esker, orain lagun berriak egin ditut eta oso gustura nago.
Eta zure abesti gustukoena edo artistarik gustukoena...
Batetik, Alborada de Segura asko gustatzen zait. Alai jotzen dut eta musika bidez beste leku batera garraiatzen nau. Bestetik, Atarratzeko Gazteluko Kanta asko maite dut, benetan hunkitzen nau. Benito Lertxundi oso abeslari ona da.
Musikak nola lagundu zaitu?
Musikak Lekunberrin integratzen lagundu nau. Iritsi nintzenean ez nuen inor ezagutzen. Hori pandemia ondoren izan zen, eta orduan ez zegoen jarduera askorik. Gainera, jendeak txistua jotzen ikusten nau eta horrek, egunerokoan beste harreman batzuk sortzen ditu. Orain Lekunberri eta Larraungo jende mordoxka bat ezagutzen dut.
Zure adineko jendea animatuko zenuke musika eskolara joatera?
Orain 71 urte ditut, eta azken bost urte hauetan etxean hobby berri bat izatea aberasgarria izan da. Beraz, dagoeneko ni bezala erretiratu den jendea musika eskolara joatera animatu nahiko nuke. Oraindik ikasteko gaitasun handiak ditugu eta memoria mantentzea garrantzitsua da. Ez izan beldurrik, instrumentu bat ez da egun batean ikasten, poliki-poliki ikasi behar da gustura sentitzeko. Eta horretarako ez dago adinik.
Zaintza partekatua, etorkizunaren giltzarri
Teknoadineko proiektua herri eredugarri baten lehen hazia da. Bizitza luzatu egin da eta horrek erronka handiak sortu arren, aukera zoragarriak eskaintzen ditu. Egungo erronka handienetako bat zaintza komunitarioa sustatzea da. Baina etorkizun hurbil batean aurki daitezken bideak hurrengo hauek dira: Herrietan lagunarte eta elkartasun sare berriak sendotzea, Adinekoen parte-hartzea handitzea (musikan, euskaran, kulturan, herriko bizitzan), adin guztien arteko loturak sustatzea eta zaintza harreman sare gisa ulertzea.
Ikerrek laburbildu duenez, “zaintzak komunitatea sendotzen du, eta komunitateak bizitzak babesten ditu; hori lortzen badugu, gure herriek etorkizun zoragarria izango dute. Ez dugu boluntarioen zerrenda bat nahi, ongizatea sustatu eta partekatzen duen herri sendo bat baizik” amaitu du. Azkenean, herria zaintzea ezinbestekoa da, herriak denok zaindu gaitzan.