Zer eta non ikasi zenuen?
Neurriko Jantziak eta Ikuskizunetarako Jantziak izeneko goi mailako zikloa ikasi nuen Donostian, berrikuntza profesionalen eskolan (AEG). Halaber, Iruñean, Madrilen eta Bartzelonan, goi maila berdina eskaintzen dute. Ikasketak amaitu eta bost urte igaro ditut ikus-entzunezkoen arropa sektorean lan egiten. Baina orain, master bat ikasten ari naiz etorkizunean neurri jantziko irakasle lanetan aritzeko.
Zergatik erabaki zenuen goi mailako zikloa ikastea?
Izebak inspiratu ninduen, ikus-entzunezkoen arropa diseinuan egiten baitu lan. Berari esker murgildu nintzen mundu honetan eta dagoeneko hiru pelikulatan topatu gara.
Momentu hartan ez nekien zer ikasi eta goi mailako ziklo hura oso interesgarria iruditu zitzaidan. Geroago, Ilargi Guztiak izeneko euskal pelikulan egin nituen praktikak, eta mundu hura asko gustatzen zitzaidala ikusi nuen. Zoritxarrez, COVID garaia izan zen eta lan baten bidez amaitu nituen. Hala ere, hortik aurrera, proiektu berrietan parte hartzeko aukera izan nuen.
«Nire izebak inspiratu ninduen, ikus-entzunezkoen arropa diseinuan egiten baitu lan»
Zenbat pelikulatan egin duzu lan?
Hamarnaka pelikulatan lan egin dut: Irati, 20.000 especies de abejas, El internado (las cumbres), El hoyo 2, Karmele, Gaua, Un funeral de locos, La deuda, Todo lo que nunca fuimos etab.
Ohikoena ekoiztetxe batek kontratatzea izaten da, baina zuzendariak erabakitzen du nor izango den kamera, zuzendari laguntzailea, arte-diseinatzailea eta jantzi-diseinatzailea. Ondoren, jantzi diseinatzaileak erabakitzen du zein izango den arropa-taldea.
Egun, ia pelikula gehienetan, Nerea Torrijos eta Patricia Monne diseinatzaileekin egin dut lan, baita Uxue Peña eta Saioa Lararekin ere. H, jantzien departamentuan postu hauek daude: jantzien diseinatzailea (Figurinista), lehenengo laguntzailea (Ayudante), errodaje jostuna (Sastra: setean egoten da eta jarraipena lantzen du), zerbitzaria (Auxiliar: denetarik egiten duena: garbitu, arropa lisatu, erosketak, etab.), eta merituzkoa (bigarren zerbitzaria bezala, baina ikasten ari dena). Gero pelikula handietan lan handiagoa dagoenez postu gehiago daude: bigarren eta hirugarren laguntzaileak, josten duen talde bat, figurazioa eramaten duen laguntzaile eta errodaje jostun bat…
Orain arte, bi pelikula egin ditut merituzko lanetan, bi gehiago errodaje jostun postuan eta beste guztiak zerbitzari postuan. Baina duela bi urte Rutina izeneko bideo motz bat diseinatzeko aukera izan nuen. Ikus-entzunezko labur hark nahiko sari lortu zituen.


Keltze Toldo lo que nunca fuimos pelikulako jostun lanetan. Argazkiak: Keltze Urkiza Albes.
Nola garatzen da horrelako proiektu bat?
Lehenengo prestaketa-fasea izaten da, hau da: arropa bilatzen hasten gara. Gaur egun, gu joaten gara prakak, gonak, kamisetak, etab. erostera. Baina batzuetan, arropa-markek haien jantziak uzten dizkigute.
Garai historikoetako arropa lortzeko, Madrilera joan behar dugu. Han, bi leku nagusi daude: Peris Costumes eta Cornejo. Europako biltegi handienetakoak dira. Bertan, hogei biltegi baino gehiago daude, eta hilabete inguru igarotzen dugu arropa aukeratzen, probatzen, katalogatzen… Gainera, denetarik dago: uniformeak, garaiko arropak, jantzi eguneratuak…
«Ilargi Guztiak izeneko euskaldún pelikulan egin nituen praktikak»

Peris costumes arropa pabiloia.
Zer da zuretzat jantzi on bat?
Jantziak, diseinatzaileak sortzen ditu. Batzuetan aholkuak eta iradokizunak eskatzen dizkigun arren, gidoia irakurri eta horren baitan diseinu bat irudikatzea ez da batere erraza. Horregatik, niri gehiago gustatzen zait antolamendu lana.
Izan ere, jantzi on batek pertsonaiaren izaera ikusarazten du. Hori dena adierazteko, diseinatzaileek txostenak egiten dituzte jantzi-proposamenak lantzeko eta zuzendariari erakusteko.
«Irati pelikula izan da bereziena»
Zein proiektu izan da zuretzat bereziena?
Irati pelikula izan da bereziena. Iraganeko pelikula izanik, arropa guztia guk sortu genuen eta lan handia izan zen. Hala, uztailean hasi ginen eta azaroan bukatu genuen. Bi hilabete eta erdi lehenago hasi ginen, arropa guztia eskuz josi behar baitzen. Nerea Torrijos izan zen diseinatzailea eta Paul Urkijo, bere bikotekidea, pelikularen zuzendaria. Oso lan berezia eta handia izan zen.

Mari pertsonai mitologikoaren jantzi gorria lehortzen, Irati pelikulan.
Zergatik dira hain garrantzitsuak jantziak pertsonaiak eraikitzeko?
Pertsonaia baten nortasuna bere janzkeran eta koloreetan islatzen da. Dosierrak egiterakoan bakoitzaren koloreak zehazten ditugu, jantziak, urte-sasoiaren paleta… Gero, probak egin eta aktorearen araberako moldaketak egiten ditugu: jantzi estuak, luzeak, koloreak… Gainera, grabaketetan azken uneko aldaketak suertatzen dira. Halaber, arte-departamentuak kolore bat jartzen badu eta gure pertsonaiaren jantziekin talka egiten badu, azkar-azkar aldatu behar dugu. Horregatik garrantzitsua da badaezpada arropa gehiago izatea.
«Zineman hierarkia handia dagoela ikasi dut»

Urkiza Gaua pelikulako arropa aukeratzen.
Zer ikasi duzu zinema munduan lan eginda?
Zineman hierarkia handia dagoela ikusi dut, eta lanean asko ikasten da. Gainera, pelikula bakoitza oso desberdina da. Batzuetan mendian grabatzen dugu, beste batzuetan platoetan… Goi mailan ikasitakoa baliagarria izan arren, egunerokotasuna guztiz desberdina da. Gainera, denbora asko pasatzen dugu kanpoan, autoz joan-etorrian: Madrilera, Zumaiara, Bilbora, Donostiara… Bidaiatzen ordu asko igarotzen ditugu.

Rutina pelikulako klaketa.
Nola ikusten duzu zure etorkizuna?
Eskuragarritasun handia behar da ikus-entzunezkoetan lan egiteko. Egun batean pertsonaia guztiak jantzi, eszenak egin, arropak kendu eta sekuentzien jarraitutasuna zaindu behar dira. Askotan, 12-13 orduko jardunaldiak izaten dira. Baina hala ere, lan horren guztiaren emaitza pantaila handian ikustea oso atsegingarria da.
Amaitzeko, zineman lan egitea polita baina ezegonkorra da. Gainera, batzuetan proiektuak bertan behera geratzen dira. Hala ere, momentuz ez dut uzteko asmorik eta lan-baldintzak hobetuko balira, zinema munduan gustura jarraituko nuke. Baina etorkizunean irakasle lana aukera bat izan liteke.