Noiz hasi zinen korrika egiten?
Gaztetan hasi eta 25 urte bete nituenean Lekunberriko kuadrilla batekin elkartu nintzen. Haiekin federatu eta Elostalde Taldea sortu genuen. Oso ongi entrenatzen nintzen.
Baina talde hori mantentzeko diru asko behar zen, eta azkenean taldea desegin eta Hiru-Herrin (Burlatan) federatu nintzen. Gaur egun federatuta jarraitzen dut baina duela zazpi urte egin nuen azken maratoia eta dagoeneko ez dut sufritu nahi. Orain hiru ume txiki ditut eta ezin dut lehengo erritmo bizia mantendu.

Ander Arraztio lehenengo postuan duela hamaika urte egin zuen lasterketa batean.

Arraztio ezkerretik hasita hirugarrena, Espainiako Atletismo Txapelketan, Tuteran.
Egun, 25 urte baino gehiago daramatzat Behobian korrika egiten. Lehenengo aldiz 14 urterekin lehiatu nintzen eta garai hartan 500 lagun inguru elkartzen ginen. Orduan, denak batera atera nahi genuenez suhiltzaileak aurrean jartzen ziren eta lekua errespetatzen ez zuten korrikalariak hodiarekin bustitzen zituzten.
Horren haritik, nire laneko bezero batek Behobiako irteera antolatzen zuen eta hark korrika egiteko dortsalak lortzen zizkidan. Beraz, urtero joaten nintzen irteera egitera. Hura eromena zen, ordurako 4.000 lagun elkartzen ziren lasterketan eta jende asko pilatzen zen zazpi metroko zabalera zuen kale batean. Gainera, gehienak indarrez aurreratzen ziren.
«Lehen emakumeen presentzia oso txikia zen»
Nola zen emakumeen presentzia iraganean?
Lehen, emakumeen presentzia oso txikia zen. Ni lehenengo aldiz atera nintzenean atzealdean beti bazegoen emakumeren bat, Andoaingo Maria Luisa Irizar ezaguna, adibidez. Berari lekua uzten zioten, baina garai hartan mutilek ez zieten neskei pasatzen uzten. Lehen, denok batera ateratzen ginen, 500 lagunetik 5.000 lagunera denak lerro baten atzean.
Aurten, igande goizean 08:40tan han nengoen. 09:55etan neskak ateratzen dira, baina mutilei 10:00ak arte berotzen uzten badiegu, mutilak nesken aurrean jartzen dira. Hori oso zakarra da, batzuek ez dute errespetatzen. Duela bi urte, neskak atera baino bi minutu lehenago mutil talde bat jarri zen haien aurrean. Orain, hori ekiditeko, hesi bat jarri dugu, beraz neskak barrutik eta mutilak kanpotik pasatzen dira.
Egun, txipa horia daukan korrikalaria edozein ordutan atera daiteke, baina txipa zuria, urdina edo morea duenak bere txanda errespetatu beharko du, bestela ez zaio aktibatuko. Horrela, teknologiaren bidez hobeki kontrolatu dezakegu.

Asier Elizalde (Betelu) eta Leire Aizpurua (Andoain) lasterketa egin eta gero.
Ze helbururekin joaten zara Behobiara?
Gaur egun nire martxan lehiatzen naiz, gustura egiten dudalako, baina lehen nire marka puskatzea zen helburua. Donostiako maratoia prestatzeko batzuentzat onuragarria da Behobian korrika egitea. Nire kasuan, Donostiako maratoia bederatzi aldiz egin dut, eta Behobiatik 2-3 astera da. Beraz, Behobian egiten banuen, maratoian ez nintzen lehiatzen. Baina Maratoia topera egin nahi banuen, Behobia nire entrenamendua izaten zen, baina asko sufrituta.
Nolakoak izaten ziren zure entrenamenduak?
Bi modutako entrenamenduak egin izan ditut:
Batetik, marka ona egin nahi banuen, azkeneko astean Behobia baino lehen entrenamendu fuerte bat egiten nuen. Gainera, serie azkarren entrenamenduak lantzeaz gain, errekuperatzea ezinbestekoa zen.
Bestetik, astean 6 aldiz entrenatzen nintzen maratoia prestatzeko. Entrenamendu egunetan 18 kilometro inguru egiten nituen. Gainera lasterketa amaitu eta gero errekuperatzeko prozesua luzea izaten zen.
Azkenean, fisikoki oinarri on bat izatea ezinbestekoa da horrelako probak egiteko, eta lesioekin kontu handia izan behar da.
«Lasterketetan ez zait behin ere lokarririk askatu»
Baduzu erritualen bat lasterketa aurretik?
Batetik, nire erritualetako bat lokarriak beti ongi lotzea da. Lasterketetan ez zait behin ere lokarririk askatu. Eta bestetik, lasterketarako ongi prestatzea, denborarekin iristea eta lasai ibiltzea.
Elikadurari dagokionez, bezperan pasta nahiago nuen eta gosaltzeko ez nuen ezer berezirik jaten, zerbait arina digestioa ongi egiteko. Amaitzeko, lasterketa baino lehen ura edaten nuen, eta lasterketan zehar ongi elikatu eta hidratatzen nintzen.
«Behobiako zatirik gogorrena Mirakruz da»
Zein da leku zailena?
Lehen Pasaiako Portutik joaten ginen baina orain Errenteriatik. Bi ibilbideak desberdinak dira eta ez dakit zein den hoberena. Baina hala ere, Behobiako zatirik gogorrena Mirakruz da, 16. kilometroan. Lasterketa amaierako aldapa faltsu hori oso gogorra da.
Zein da leku politena?
Dena. Behobia gozatzeko lasterketa bat da. Orain gehiago, Gaintxurizketatik Errenteria aldera jende pila bat egoten da, ikusgarria da, izugarrizko giroa izaten da. Gainera, urtero topatzen dituzu ikusleen artean betiko pertsonaia bereziak, piratak, banderolak, furgonetak, umeak, kuadrillak, familia, musikarekin... Giro bikain hori betidanik ezagutu dut.
«Lehen 500 lasterkari ginen, orain 30.000»
Eta etorkizunera begira, zenbat Behobia gehiago egingo dituzu?
Behobian lasterka egiten hasi nintzenetik korrikalari kopurua izugarri handitu da, lehen 500 lasterkari ginen, orain 30.000. Beraz, ongi baldin banago, urtero egiten jarraituko dut, gozatzeko. Niretzako oso lasterketa berezia da. Bizitzan behin egin beharreko lasterketa.

Araitz, Betelu eta Lekunberriko sailkatuen taula.