Elkarrizketa

“Ile motza, ile-marrazkiak eta degradatuak dira eskaera nagusiak”

Mailope Aldizkaria 2025eko abenduaren 18a

Abdel Wahed Chahboun Lekunberriko ile-apaindegi parean.

Abdel Wahed Chahboun (Maroko), Lekunberriko ile-apaindegiko arduraduna. 

Abdel Wahed-ek bost urte daramatza Euskal Herrian. Jatorriz marokoarra da, Ketama (Tanger) izeneko herritxo batekoa. 2012an zuzenbide penaleko masterra amaitu zuen eta orain, euskaraz ikasten ari da. 

Marokon bizi zenean merkataritzan egiten zuen lan. Ondoren, ile-apaintzaile lanetan hasi zen. Dagoeneko, sei urte daramatza ile-apaindegietan lan egiten. Euskal Herrira iritsi zenena, Iruñean bizi zen eta ia sei hilabetez, etxez etxe ile-mozketak egiten aritu zen. 

Geroago, Zumarragako ile-apaindegi batera joan zen. Bertan lau urte igaro zituen eta egun, Lekunberrin bere lehenengo ile-apaindegia zabaldu du. 

Nolatan bururatu zitzaizun Lekunberriko ile-apaindegia zabaltzea?

2024ko abuztuan nire lehenengo ile-apaindegia zabaltzeko gogo handiak nituen eta lankideek Lekunberri gomendatu zidaten. Gainera, Zumarragan bizi  nintzenean, nire anaia Iruñean bizi zen, eta hura bisitatzera joaten nintzen aldiro Lekunberri igarotzen nuen. Horrela, herri lasaia eta atsegina zela ikusi nuen.  

«Ile motza duten emakumeak ongi etorriak dira»

Zein zerbitzu eskaintzen dituzue?

Une honetan ile motzen mozketak, ile-garbiketak, ile-marrazkiak eta bizar-mozketak eskaintzen ditugu. Hala, soilik gizonentzako zerbitzua dirudien arren, ile motza duten emakumeak ongi etorriak dira, baina ile luzeko mozketak oraindik ez ditugu egiten.

Horretaz gain, etxetik irten ezin diren pertsonentzako etxez etxeko zerbitzua eskaintzen dugu, baina arratsaldeko 14:00etatik 16:00etara, edo 20:00etatik aurrera. Besteak beste, adineko jendeari ilea mozteko aukera erraztu nahi diegu.  

«Etxetik irten ezin diren pertsonentzako etxez etxeko zerbitzua eskaintzen dugu»

Abdel Wahed Chahboun Lekunberriko ile-apaindegian.

Zein da gehien egiten duzuen ile-mozketa?

Ile motza, ile-marrazkiak eta degradatuak dira eskaera nagusiak. Izan ere, futbol jokalarien orrazkerak asko eskatzen dizkigute. Gazteek moda jarraitzen dute eta ile-apaindegiaren munduan bi edo hiru hiletik behin estilo berriren bat sortzen da. 

«Futbol jokalarien orrazkerak asko eskatzen dizkigute»

Nolakoa izan da herritarren harrea?

Oso ona. Dagoeneko, hilabete bat daramagu irekita eta herriko jendea etortzen ari da.

Oraindik Lekunberriko eta ondoko herrietako herritar askok ez dakite ile-apaindegia zabaldu dugunik, baina poliki-poliki albistea zabaltzen ari da.  

Amaitzeko, norbaitek ilea moztu nahiko balu, gurekin harremanetan jar daiteke @ileapaindegia.lekunberri Instagram bidez, mochabata23@gmail.com helbide elektronikora idatziz, 600 91 88 27 telefonora deituz, edo Lekunberriko ile-apaindegira etorriz. 

«Astelehenetik larunbatera zabaltzen dugu ile apaindegia»