Azken urteotan euskal preso asko etxera itzuli badira ere, Araitz eta Beteluko Sareren ustez urratsak ematen jarraitu behar dugu. Plataformak gogorarazi du oraindik preso askok jarraitzen dutela espetxean, eta egoera hori "gehiago ezin dela luzatu" nabarmendu dute.
Testuinguru horretan, bi hitzordu garrantzitsu markatu dituzte herritarren agendan:
Gaztain jate solidarioa Betelun
Urteroko ohiturari jarraituz, abenduaren 26an elkarretaratzea egingo dute Betelun. Mobilizazioaz gain, gaztain jate solidarioa antolatu dute bertaratzen direnentzat. Ekimen honen helburu nagusia presoen egoera salatzea eta elkartasuna adieraztea izango da.
Urtarrilaren 10ean, Bilbora
Beteluko ekitaldia, ordea, urtarrilean Bilbon izango den mobilizazio nazionalaren ataria izango da. Sarek dei zuzena egin die araiztarrei eta beteluarrei urtarrilaren 10ean (larunbata) Bilboko kaleak betetzen laguntzeko.
"Ezin da gehiago luzatu!" lelopean, euskal presoen etxeratze prozesua behin betiko gauzatu dadila eskatuko dute Bizkaiko hiriburuan. Saretik gogorarazi dute herritarren bultzada funtsezkoa dela prozesua azkartzeko eta konponbideari bide emateko.