Araitz eta Beteluko udalek laguntza eskatu dute Mendialdeko garraio publikoa hobetzeko

Mailope Aldizkaria 2025eko abenduaren 24a

Urteetako eskaerei erantzunez, hiru autobus linea berrik emango diote zerbitzua Araitz eta Beteluko eremuari. Udalek herritarren parte-hartzea eskatu dute, ordutegiak bailarako beharretara egokitzeko urtarrilaren 7ra arte irekita egongo den inkesta baten bidez.

Mendialdeko udalek urte asko daramatzate herriek merezi duten garraio zerbitzu duina aldarrikatzen eta Nafarroako Gobernuari hobekuntzak eskatzen. Borroka horrek fruituak eman ditu, eta Nafarroako Gobernuko Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiak proposamen berri bat helarazi die udalerriei, etorkizun hurbilean eskualdeko konektibitatea nabarmen indartuko duena.

Proposamen berri honen arabera, Araitz eta Betelu hiru autobus linearen bidez lotuko dira, Iruñerako zein Leitza eta Tolosalderako konexioak hobetuz. Hauek dira aurreikusitako lineak:

  • 3. linea: Iruñea – Lekunberri – Tolosa.
  • 4. linea: Tolosa – Araitz – Lekunberri – Leitza – Tolosa (zirkularra).
  • 5. linea: Tolosa – Leitza – Lekunberri – Araitz – Tolosa (zirkularra).

 

Herritarren parte-hartzea, funtsezkoa

Udalen helburu nagusia zerbitzu berri hau herritarren eguneroko beharretara ahalik eta gehien egokitzea da. Horregatik, inkesta bat jarri dute martxan, erabiltzaileek ordutegi erabilgarrienak zein liratekeen adieraz dezaten. Jasotako iritziek zerbitzua findu eta eraginkorragoa izatea ahalbidetuko dute.

Parte hartu nahi duten herritarrek esteka honen bidez bete dezakete galdetegia: https://erabili.liberaforms.org/mendialdeko-garraioa

Inkesta betetzeko azken eguna urtarrilaren 7a izango da. Udalek eskerrak eman nahi dizkiete herritarrei ekarpenak egiteagatik, eta aurki prozesu honen inguruko informazio zehatzagoa eskainiko dutela jakinarazi dute.