Gazako Herritarren Aldeko Pilota Jaialdia ospatu dute Lekunberrin

Mailope Aldizkaria 2025eko abenduaren 29a

Atzo arratsaldean 300 lagun inguru elkartu ziren Lekunberriko Jayan Jai pilotalekuan, Larraungo Talde Internazionalistak Palestinaren alde antolatutako jaialdian. Bertan izan zen Ola Arafat, Salam Gaza Nafarroa elkarteko zuzendaria.

Tirikitrauki Larraungo dantza taldeak hasiera hunkigarria eman zion egitasmoari, haurren zapata hutsen aurrean dantzatuz. Gainera, Oihan Ijurko eta Unai Amuztegik olerki eder bat irakurri eta txalaparta jo zuten.

Jaialdian zehar, zozketa ugari ere egin zituzten: Palestinako eta Maskaradako produktuak,  Ola Arafaten alaben bi margolan, Gorka Urbizuren merchandising-a... gainera, salda eta txokolate beroa ere eskaini zituzten eta bildutako guztia Palestinako 100 familien egun bateko elikadura bermatzeko izan zen.

Pilota partidetan, lau eta erdiko partidua Sagastibeltzak irabazi zuen Ijurkoren aurka. Ondoren, buruz burukoan Alduntzinek Txoperena garaitu zuen. Amaitzeko, binakakoan Nazabal eta Garañok irabazi zuten De la Fuente eta Erasunen aurka aritu ostean.

Giro polita izan zela azpimarratu dute antolatzaileek, eta 2.500 euro biltzea lortu zuten. Jaialdia gauzatzeko, herritarren parte hartzea ezinbestekoa izan zen. Laguntzaileak, Salam Gaza Nafarroa, Jokar Produkzioak, Sanmigrafi Offset  eta Ahiru izan ziren.

 

Amaitzeko, Ola Arafat eta Salam Gazako elkarteak haien esker ona adiera zuten mezu honen bitartz:

  • “Gure eskerrik beroenak adierazi nahi dizkizuegu ekitaldi solidario hau antolatzeko eta helarazteko izan duzuen inplikazio eta dedikazioagatik. Zuen ahaleginak, zuen sentsibilitateak eta hainbeste jende mobilizatzeko duzuen gaitasunak benetako eragin baliotsua izan dute gaur. Zuen konpromisoari esker 2500 € bildu ditugu. Ondorioz, gehien behar dutenei laguntzeko aukera izango dugu, Gazan egiten dugun lan humanitarioari jarraipena emanez. Bihotzez, eskerrik asko egitasmo honetan sinesteagatik eta elkartasunak bideak irekitzen jarraitzea posible egiteagatik. Gure esker on guztiarekin, besarkada bat.”

                        Ola Arafat eta Salam Gaza Nafarroa Elkarteko Lantaldea.

Gazako Herritarren Aldeko Pilota Jaialdiko une bat. Argazkia: Javier Leoz.