«1991ko urtarrilaren 1ean ireki nuen Lanbroa liburu-denda»

Mailope Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 28a

Amaia Alustiza Zufiaurre Lekunberriko Lanbroa liburu-dendan.

Azken hamarkadetan Lanbroa liburu-denda funtsezkoa izan da Lekunberrin. Herritarren eguneroko beharrak asetzeaz gain, harremanetarako gunea izan dela adierazi du Amaia Alustizak, herriko liburu-denda kuttunaren sortzaileak. Hala, Alustizaren lan finari esker 35 urtez zabalik egon da liburu-denda; baina orain, ateak itxi eta etapa berri bati hasiera emateko unea iritsi da. 

Noiz zabaldu zenuen Lanbroa liburu-denda?
Irakaskuntza ikasketak amaitu ondoren, ikastola batean aritu nintzen lanean. Gerora, ezkondu eta Lekunberrira etorri nintzen. Beraz, etapa berri bati ekiteko une egokia zela sentitzean, nire proiektua martxan jartzea erabaki nuen.

Testuinguru horretan 1991ko urtarrilaren 1ean ireki nuen Lanbroa liburu-denda, duela 35 urte. Beraz, proiektua pixkanaka-pixkanaka eraiki nuen. Liburu-denda zabaldu aurretik lokal berean postetxe bat zegoen, baina lantokia Leitzara aldatu zutenean lokala hutsik gelditu zen eta aukera ona zela aurreikusi nuen. Izan ere, Lekunberrin ez zegoen liburu-dendarik eta hutsune horrek ekimena martxan jartzera bultzatu ninduen.

«Liburu-denda zabaldu aurretik lokal berean postetxe bat zegoen»

 

Zein izan dira azken urteetako bizipenak eta erronkak?
Dena asko aldatu da. Hasieran ez zegoen webgunerik, mugikorrik… gainera, egunkariak eta aldizkariak gaur egun baino askoz gehiago irakurtzen ziren. Halaber, ez zegoen enpresa handirik, eta beharrezko jostailuak herrian bertan erosten ziren. 

Egun, dendari txikiok unean behar-beharrezkoa dena soilik saltzen dugu. Herritar gehienek erosketa handiak herritik kanpo egiten baitituzte. Lekunberrin adibidez, autobidea zabaldu zenetik herritarrek erraztasun handia dute Iruñera edo Donostiara joateko. Gainera, nire ustez, enpresa handiek eta erosketak online egiteko aukerek min handia egin dute. Lehen, herriko edozein biztanle joaten zen denda txikietara. Orain gazteak online erostera ohitu dira eta dendari txikiok ezin gara denda handien eskaintzekin lehiatu. 

Horrek guztiak egoera okertu du eta gainera, ez dugu behar adinako laguntzarik. Gainera, asteburuetan eta jai egunetan lan egin behar dugu. fisikoki ez da oso lan gogorra baina lotura handia eskatzen du, eguneroko presentzia behar baita.

«Dendari txikiok ezin gara denda handiekin lehiatu»

 

Gogoan duzu azken urteotan Lanbroan bizitako une kuttunen bat?
Oro har oso gustura sentitu naiz eta ezin dut une bakar bat hautatu, une kuttun ugari igaro baititut liburu-dendan. Ez naiz inoiz damutu Lanbroa irekitzeaz, halaber, jendearekin egotea gustatzen zait eta Lanbroan lan egiteak horretarako aukera eskaini dit. Beraz, oso esperientzia polita izan da niretzat.

«Ez naiz plan handien zalea, egunerokotasuneko une arruntak maite ditut»

Gainera, hemen izan dut nire margotzeko eta eskulanak egiteko txokoa eta betidanik gustatu izan zaidan hura egiteko aukera. Izan ere, txikitatik izan dut margotzeko eta eskulanak egiteko gaitasuna. Margotzeko denbora behar da eta hemen denbora asko igaro dut. Beraz, datorren etapa berrian marrazten jarraitu nahi dut, hori ez dut inoiz utziko. Marrazketa eta eskulanak egitea benetan gustuko baitut. Egia esan, ez dut inoiz marrazketa-klaserik jaso; naturalki sortzen zait.

«Jendearekin egotea gustatzen zait eta Lanbroan lan egiteak horretarako aukera eskaini dit»

Alustizaren artelanak Lanbroa liburu-dendan. 

 

Eta etapa berri honetan…
Lanbroa itxi ondoren loteriako makina Goxo-Goxo goxoki-dendara eramango dugu eta goiz batzuetan han egingo dut lan. Ez naiz plan handien zalea, egunerokotasuneko une arruntak maite ditut. Orain, astean zehar lasai bizitzeko aukera izango dut: mendira eta kostaldera joan, kafe bat hartu, margotu, eskulanak egin… izan ere, bizitza uste duguna baino errazagoa da eta askotan, guk geuk zailtzen dugu. Garrantzitsuak diren unez inguratuta gaude baina batzuetan ez gara ohartzen. Hala, egun osoa lanean igarotzen dugu gastu handiak ordaintzeko eta etxera iristerakoan nekatuta sentitzen gara. Hurrengo egunean, berriz, berdin. 

Beraz, orain ez dut ezer berezirik egin nahi. Lasai bizi nahi dut.