Noiz sortu zenuten Urzubi kooperatiba?
Urzubi kooperatiba 1980an sortu genuen. Araitz, Betelu, Larraun eta Lekunberri inguruan burdindegirik ez zegoenez, horrelako toki bat zabaltzea ideia ona zela pentsatu genuen. Gainera, hemengo baserritarrei zerbitzua emateko tailer baten beharra zegoela sumatu genuen.
Harrezkeroztik 45 urtez Urzubiko tailerreko arduradun lanean aritu nintzen. Halaber, 22 urte nituela hasi nintzen eta 67 urte izanik, 2025ean amaitu nuen lan-ibilbidea.
«45 urtez Urzubiko tailerreko arduradun lanean aritu nintzen»


Nola zabaldu zenuten Urzubi kooperatiba?
Urzubi 3 bazkideren artean ireki genuen. Peio Etxarri Urkizu, Rafa Zubiria eta ni, Martin Bildarraz, izan ginen hasierako bazkideak. Eta hortik sortu genuen enpresaren izena (3 abizenak lotuta): “UR-ZU-BI”.
Lehenbiziko pausoa tailerra non eraiki nahi genuen pentsatzea izan zen. Azkenean Lekunberriko sarreran lursail bat lortu genuen. Egia esan, hasieratik toki aproposa zela iruditu zitzaigun. Izan ere, 3 puntu lotzen dituen errepidea hor kokatzen da.
Nola gogoratzen dituzu lehen urte haiek?
Lehen urteak oso gogorrak izan ziren, eraikina eta negozioa guk geuk altxatu genituen. Beraz, askotan bi lanak elkartzen ziren: batetik, eraikina eta negozioa altxatu; eta bestetik, jendeari zerbitzua eman. Ondorioz, astelehenetik igandera lanean aritzen ginen, gelditu gabe.
Hala ere, enpresa abiarazteko eta martxan jartzeko lan hura guztia beharrezkoa zen. Eta nik, buruan ez nuen beste gauzarik. Ilusioek eta gogoek egunero indarra ematen zidaten; nolabait ere, jendeari zerbitzua ahalik eta egokien emateko.
«Lehen urteak oso gogorrak izan ziren, eraikina eta negozioa guk geuk altxatu genituen»

Zein izan da Urzubin egin duzun ibilbide profesionala?
Urzubi tailerreko arduraduna izan naiz. Nire lanak tailerra indartzea, handitzea eta mantentzea izan dira. Mekanikari lanetan aritu naiz gehien bat, mota askotako makinak eta gailuak konpontzen. Baina tailerreko beste 3 lankideekin batera, hainbat lan ezberdin ere egin ditut: burdina landu, soldaketa lanak egin…
«Astelehenetik igandera lanean aritzen ginen, gelditu gabe»
Zein izan dira Urzubiren aldaketak azken urte hauetan?
Mekanikazko lanetan gauza asko aldatu dira, adibidez: traktoreen mekanika. Hala, gaur egungo makinak elektronika asko daramate, eta gu gauza mekanikoak konpontzen abilagoak gara. Burdin-lana ere asko aldatu dela nabarmenduko nuke. Izan ere, gaur egun burdinaz aparte, beste hainbat material erabiltzen baitira: Aluminioa, PVC…

Zein momentu edo proiektu duzu gogoan bereziki, zuretzat garrantzitsua izan delako?
Ez dut momentu bat konkretuki gogoratzen. Urte hauetan guztietan, herritarren arazoak konpontzea, proiektuetan laguntzea, nahiak betetzea eta zerbitzua eskaintzea izan dira nire ilusio nagusiak.
Zer aholku emango zenioke Urzubiko lantaldeari?
Urzubiko lantaldeari aholku bat eman beharko banioke, bezeroak eskatzen duenari irtenbide bat eskaintzea izango litzateke. Nahiz eta momentuan bezeroak adierazten dituen arazoak soluziorik ez izan, ahalik eta argibide edo laguntza gehien eskaintzea garrantzitsua da. Izan ere, bizitako esperientziak irakatsi dit bezeroak pozik sentiaraztean berriro itzuliko direla.
«Eskerrak eman nahi dizkiet urte hauetan guztietan nigan konfiantza izan duten guztiei»
Orain Gassó izeneko enpresa batek kudeatuko du Urzubi kooperatiba...
Bai. Urzubin geunden bazkideak jada jubilazioaren ataritan geunden eta beste bazkideek zein langileek ez zuten jarraitzeko asmorik. Orduan, enpresa saltzea erabaki genuen eta Gassó enpresaren nagusia gurekin harremanetan jarri zen Urzubi erosteko intentzioarekin. Orain, haiek kudeatuko dute kooperatiba.
Momentuz, burdindegia eta tailerraren martxa berdinarekin jarraituko dute eta tailerrean berrikuntza batzuk egingo dituzte. Hala ere, proiektuak norabide berdintsua jarraituko du. Gainera, modernizazio eta produktu berriak gehituko dituzte.

Eta erretiratzen zarenean...
Kezka eta betebeharrik gabe lasaiago bizitzea espero dut. Aldiro-aldiro erlojuari begiratu gabe. Urte asko igaro dira lanean hasi nintzenetik, Urzubin hasi baino lehen ere lanean bainengoen jada. Baina nahiz eta erretiratu, badakit geldirik ez naizela egongo. Baditut proiektu bat baino gehiago buruan ez aspertzeko...
Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiet urte hauetan guztietan nigan konfiantza izan duten guztiei. Nire aldetik momentu guztietan ahal dudana egin baitut laguntzarik hoberena eskaintzeko. Eskerrik asko!

