Alkateek Osasun Sailari egindako eskaera
“Departamenduak jakinarazi zigun zerbitzu osoa berregituratu egingo zuela hobeto antolatzeko eta kalitate hobea eskaintzeko, baina zerbitzuak murriztuz ez da lortzen kalitatea hobetzea. Erreklamazioak jarri dituzten gurasoei ere gauza bera erantzun diete, zerbitzua hobetzeko egin dutela, baina gurasoak oso kexu dira. Horrexegatik eskatzen diogu Pediatria Zerbitzua berrezarri dezala eta zerbitzua eskaintzen den egun guztietan pediatra eta erizaina egon daitezela, Osasun Etxean bi gela libre daude-eta horretarako”, azpimarratu dute Mikel Uharte Larraungo alkateak eta Arkaitz Goikoetxea Lekunberriko alkateak.
Halaber, Lekunberriko eta Larraungo alkateek bilera eskatu diote Osasun kontseilariari, egoera zuzentzeko eta herritarrei kalitatezko eta hurbiltasuneko zerbitzua bermatzeko, orain arteko zerbitzuan murrizketarik egin gabe. “Eskaerak erantzun baikorra izatea espero dugu; bitartean, lanean jarraituko dugu gure eskualdeko haurrek arreta integrala, hurbilagoa eta kalitate handiagokoa jasoko dutela ziurtatu arte”, adierazi dute alkate biek.
Gurasoen kezka eta mobilizaziorako deia
Beraz, pasa den abendutik, haurrak Leitza eta Irurtzungo osasun zentroetara bideratuak izan dira. Horrek erakartzen dituen eragozpenen ondorioz, hainbat familia Lekunberri eta Larraungo pediatraren zerbitzua berreskuratu ahal izateko lanean hasi dira. Halaber, herriko gurasoek guztien inplikazioa ezinbestekoa izango dela azpimarratu dute: “Zarata asko atera behar dugu Iruñeko bulegoetatik entzun gaitzaten eta horretara iristeko bide eta ate guztiak arakatu beharko ditugu”.
Lehen bilera, otsailaren 13an
Ondorioz, bilera irekia egingo dute otsailaren 13an, ostiralean, 18:00etan Lekunberriko Udaletxeko Txiki Parkean. “Ideia eta ahots guztiak ongietorriak izango dira, denok jar dezakegu gure aletxoa borroka honetan, baita inplikazio maila ezberdinetan ere: online edo osasun etxean bertan erreklamazioak jarriz, ingurukoekin gaiaz hitz egiten, egingo diren deialdiak zabaltzen lagunduz eta hauetan parte hartuz” amaitu dute eskualdeko gurasoek.