Araxes eskolan instalazio fotovoltaiko partekatuaren inguruko hitzaldia jaso dute ikasleek

Mailope Aldizkaria 2026ko otsailaren 12a

Araxes eskolan instalazio fotovoltaiko partekatuaren inguruko hitzaldia. Argazkia: Araxes eskola.

Pasa den asteazkenean, otsailak 11n, Beteluko Araxes eskolako LH6 eta DBH1-2ko ikasleek hitzaldi-tailer interesgarrian parte hartu zuten. Goiener kooperatibako Asier Arsuaga Ugalde arribetarrak eskaini zuen saioa, eta bertan herriko instalazio fotovoltaiko partekatu berria izan zuten hizpide.

Beteluko Udalak eskolako teilatuan paratutako eguzki-instalazioaren ezaugarriak azaldu zituen Arsuagak, baita instalazioak hornituko dituen kontsumo puntuak ere: eskola bera, udal eraikina, ostatua, ostatu gaineko etxebizitzak eta elkartea, besteak beste.

Saioan zehar, gainera, energia berriztagarri motak zerrendatu eta  teknologia hauen alde onak eta mugak aztertu zituzten, eta erregai fosiletan oinarritutako sistemen eragozpenak ere jorratu zituzten. Ikasleek teknologiak alderatzeko aukera izan zuten, sortzen duten kutsadura, lehengaiak ustiatzeko modua eta horrek guztiak planetan eragiten duen aldaketa klimatikoa kontuan hartuz.

Ekimen honek bat egiten du Beteluko Udalak energia eredu jasangarriago baterako bidean egin duen apustuarekin.