Partaideek argindar fakturaren osagaiak banan-bana aztertzeko aukera izan zuten, eta horrekin batera, espainiar estatuko sistema elektrikoa eta merkatu elektrikoa nola egituratzen diren ulertu. Tailerrean azaldu zutenez, ez da aski fakturako zenbakiek diotena ulertzea; haien atzean dauden arrazoibideak eta erabakiak nork eta nola hartzen dituen jakitea ere funtsezkoa da.
Hizlariak nabarmendu zuenez, kontratatutako potentziak pisu handia du fakturan, eta horren doikuntza egokia egiteak aurrezpena ekar dezake. Energia kontsumoa ordu tarte merkeetara pasatzearen garrantzia ere azpimarratu zuen, baita fakturan agertzen diren gainerako terminoak ulertzeko beharra ere.
Besteak beste, merkatu libre eta arautuko merkaturatzaileen arteko desberdintasunak azaldu zituen, eta tarifa mota ezberdinen artean nola aukeratu. Halaber, energia kooperatibek eskaintzen dituzten alternatibak ere hizpide izan zituen, kontsumitzaile izatetik herritar aktibo izatera pasatzeko bide gisa.
Tailerrak formatu praktikoa izan zuen, eta bertaratutakoek beren faktura propioak eraman eta aztertu ahal izan zituzten, zalantzak bertan argitzeko. Ostots kooperatibako antolatzaileek balorazio positiboa egin dute eta aurreikusiak dituzten autokontsumo partekatuko bi instalazioak egin ondoren tailer berri bat egingo dutela aurreikusi zuten.