«Aralar gure Himalaia zen»

Mailope Aldizkaria 2026ko otsailaren 20a

Felipe Uriarte Cholatse mendian.

Felipe Uriarte Camara Pasai Donibanen jaio zen 1944ko martxoaren 17an. 41 urte daramatza Gaintzan bizitzen. Industria ingeniaria eta UIAGM Goimendi Gidaria da.

Mendiz mendi egin du bizitza: CervinoHuascaránCho OyuMakalu, Denali (McKinley), Ismael Samani, Spantik, Aconcagua, besteak beste.

Horretaz gain, Uriarteren hitzetan, “idazlea ez den baina idazten duen pertsona bat da” eta Marmotarenak izeneko ipuin ilustratu autoekoitzia argitaratu berri du. 



Zergatik erabaki zenuen Gaintzan bizitzea?

Duela 65 urte, Pasai Donibaneko mendizale gaztetxo batentzat Aralar gure Himalaia zen. Bertan ikasi nuen eskalatzen, eskiatzen, mendi gailurretako bideak bilatzen, bidaiatzen…. 

Hainbat  lagun egin nituen inguruan. Halako batean, haietako batek —Juan Gorritik artistak — Gaintzan etxe bat saltzen zutela adierazi zidan. Ikustera etorri, Pastandegiako atzeko atean eseri, Balerdi begiztatu,  eta di-da batean erabaki nuen bertara etortzea. Geroztik 41 urte igaro dira, eta Pasaiako izanik, plazer handiz araiztarra naizela esan dezaket. 

 

«Nire 81 urte motxilan hartu eta 2025eko urria eta azaroan Nepaleko Himalaiara partitu nintzen»

Laino artean. Argazkiak: Felipe Uriarte. 

Himalaian ere egon zara eta hainbat mendi ospetsu igo dituzu. Zer nolako konparaketak egin ahal dituzu Aralar eta Himalaiako mendilerro horiekin?

Mendien neurriei dagokienez oso desberdinak dira. 8.000 metroetara igotzea edo 1.400 metroetara kontu ezberdinak dira. Baina mendizaletasuna ez da metroetan neurtu behar, emozioetan eta sentipenetan baizik. Alde horretatik ikusita Aralarrek eta Himalaiak antzeko aukerak eskaintzen dituzte.

Nire 81 urte motxilan hartu eta 2025eko urria eta azaroan Nepaleko Himalaiara partitu nintzen, Chomolungma (Everest) eta Kanchenjunga mendien ingurura. Hangoak, benetan inguru ederrak dira. Pastandegiara azaroak 29an itzuli nintzen, eta abenduak 1ean, eguraldi bikainaz eguneroko mendi itzulia egiten arin nintzen Azkun aldean. Burua altxatu, eta han aurrean zegoen  Mailopea eguzki izpiez bustia, eta nirekiko xuxurlatu nuen: “toki eder batetik nator; baina hau? zein ederra gure Mailopea !!”.  Poza handia sentitu nuen, konturatu nintzelako gune zoragarri batean bizi naizela. 8.000 metroko mendi baten aurrean egotea ederra da, baina Balerdi aurrean bizitzean antzeko emozio duzu. Are gehiago, Balerdi gurea da. Eta sentimendu hori sakona da, oso.

 

«8.000 metroko mendi baten aurrean egotea ederra da»

 

Gokyo. 

Makalu ezkerrean. 

Himalaiako lagunekin, Felipe ezkerrean. 

Esker onekoa sentitzen naiz Mailopean bizitzeko aukera izateagatik. Sarritan pentsatzen dut ez diogula duen balio guztia ematen.  Baserriak husten ari dira eta tamalez, garai batean baino utziagoa dago dago gure ingurua. Baserritarrek zaindi baitute mendez mende Mailopea. Baserritarrak ez garenok haien lana eskertu behar dugu; hitz ederrak botatzen ditugu, baina Mailopea mantentzeko lurra landu behar da eta azienda zaindu. 

Ongi legoke gazteak, lantokietara baino, baserrira itzuliko balira. Horretan lagunduko beharko genduke.

 

«Baserritarrak ez garenok haien lana eskertu behar dugu»

 

Mendizalea izateaz gain, Marmotarenak izeneko ipuin ilustratua argitaratu duzu…

Lehenik eta behin esan behar dut ez dudala nire burua idazle bezala ikusten. 

Atxaga, Sarrionandia edo Joxe Mari Iturralde ezagutzeko zortea izan dut, eta izugarrizko formakuntza duten pertsonak dira. Ofizio zaila da, eta lotsa ematen dit nire burua idazle gisa ikusteak. Esango nuke idazlea ez den baina idazten duen pertsona bat naizela.

Marmotarenak istorioa niri gertatutako pasadizo txiki batetik sortu zen. Arantzazu eta biok Pica d'Estats mendira joan ginen, Pirinioetako ekialdeagoan azken hiru mila metroko mendia, Katalunian. Katalanentzat oso mendi kuttuna da; guretzat Hiru Erregeen Mahaia den bezala. Gailurretik aterperuntz jaisten ari ginela, bidera baino aldera begiratu, eta muxar edo marmota baten zuloan, hobeto esanda bere etxean, makila sartu nuen. Ia erori nintzen!

Aterpera iritsi ginenean, mendizaleon ohitura jarraituz, garagardotxo pare bat edan genituen. Lehenengo garagardoa edan ostean, gertakari txiki hura gogora etorri zitzaidan eta motxilako koadernoan zirriborro bat idatzi nuen.

 

«Marmotarenak istorioa niri gertatutako pasadizo txiki batetik sortu zen»

'Marmotarenak' liburuaren azaleko ilustrazioa. 

Ipuinean aipatzen den protagonistak marmotak dira, eta istorioan aita eta bi alaba daude...

Pirinioetan gertatzen da istorioa. Kanpin-denda bizkarrean, Aita eta bi alabak asteburua mendian igarotzera joan dira. Neskatiletako bat —Teresa— kanpamentutik urruntzen da. Une hartan istorioaren sorburua gertatzen da: makila zulo batean sartzen du, eta muxarra haserre ateratzen da, makilaz begian jo diola arranguraz. Lagunak egingo dira, marmota eta neskatila, eta bizitzaz eta mendiaz hitz egingo dute. 

 

Ipuina osatzeko, lagungarri dira ilustrazio dotoreak...

Marmotarenak ipuin-ilustratua da: Arte Ederretan aditua den Irene San Sebastianek egindako marrazkiak ditu. Nire ustez marrazkiek bigarren irakurketa bat eskaintzeaz gain, ipuina geografia eder batean kokatzen laguntzen dute. Irakurleentzat lagungarriak izatea espero dut. 

Oso pozik nago Irenek egin duen lanarekin. Nahiz eta adin-diferentzia handia izan, bion arteko lana zoragarria izan da. Halako elkarlan bat egitea ez da batere erraza, eta zorionez, oso ona eta pozgarria izan da. 

 

Autoekoitzia da…

Egia esan, ipuina hiru argitaletxeetara bidali nuen, baina inork ez zidan liburua argitaratu. Hala ere, istorioa partekatu nahi nuen eta autoekoiztea erabaki nuen. Izan ere, ipuinarekin eta nire buruarekin leiala izan nahi nuen eta autoekoiztea ezinbestekoa izan zen proiektuari amaiera eman nezan. 

Liburua ekoiztea ez da zaiala, ezta erraza ere. Argitaletxe bat ondoan ez baduzu, zuk zeuk egin behar duzu dena: marrazkilariarekin elkarlana, inprentako ardura guztiak,…, eta gastu guztiak ordaindu. Horren guztiaren ondoren liburua saltzen saiatu behar zara.

Marmotarenak liburua Mailopean salgai dago, Betelu herrian, Atabal okindegian, eta Lekunberrin Amaiaren Lanbroa liburu-dendan. 

 

«Marmotarenak liburua Mailopean salgai dago»

 

Eta etorkizunean...

Ahal dudan neurrian, mendiriz mendi bidaiatzen jarraituko dut; urtero bezala saiatuko naiz Himalaiara itzultzen. Han inguruan hainbat lagun ditut, eta plazerrez joaten  naiz haiek bisitatzera. 

 

«Mailopeko biztanleok izugarrizko zortea dugu»

 

Mendia nire gustuko lekua da. Gizakion izpirituentzat zuhaitzen artean ibiltzea, gailurrak ikustea eta natura sentitzea elikagai ona da. Halaber, mendian bizi diren pertsonen kulturan murgiltzea oso aberasgarria da. 

Alde horretatik, Mailopeko biztanleok izugarrizko zortea dugu, ez baitago halako leku bat bezain toki hobeagorik bizitzeko. Ongi gaude hemen, ongi bizi gara hemen. Zaindu dezagun gure Mailopea!


Kala Pattar mendia.