Zer ikasi zenuen?
Datuen Zientzia ikasi nuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), Iruñean, 2020tik 2024ra. Gradu hori amaitu ondoren, Prestazio Altuen Konputazioa izeneko masterra egin nuen, High Performance Computing (HPC) delakoa, Santiago de Compostelako Unibertsitatean (USC), 2024-2025 ikasturtean.
Zergatik aukeratu zenuen ikasketa-bide hori?
Batxilergoa amaitu ondoren ez neukan oso argi zer egin eta ikus-entzunezko komunikaziozko lehenengo maila ikasi ondoren, formakuntza zientifikoetara itzultzea erabaki nuen. Aldi berean, ingeniaritzek ez ninduten gehiegi erakartzen. Hala nola, datuen etorkizunari buruzko hitzaldi bat ikusi nuen. Bertan big data-k, datu masiboak gordetzeko, aztertzeko eta kudeatzeko sortutako teknologia-multzoak, etorkizunean izango zuen garrantzia azaltzen zuen. Zorionez, nire interes berezi guztiak batzen zituen: datuen zientzia, matematika, estatistika eta programazioa.
«Inguruko erreferentziei esker erabaki nuen Masterra egitea»
Norbaitek bultzatu edo inspiratu zintuen masterra egitera?
Inguruko erreferentziei esker erabaki nuen Masterra egitea. Izan ere, Erasmus egonalditik itzuli nintzenean, lagun batek masterrari buruz hitz egin zidan, irakasle batek aipatu omen baitzion eta berak ere interesa zuen. Beraz, irakaslearekin bilera bat izan genuen. Honek, ikasketen edukiak, aukerak eta xehetasunak azaldu zizkidan. Une horretan argi ikusi nuen interesgarria izan zitekeela.
«Zientzia eta Teknologia Industrialetako doktoretza egiten ari naiz»
Zein doktoretza egiten ari zara?
Zientzia eta Teknologia Industrialetako doktoretza egiten ari naiz. Hau egiteko, ezinbestekoa izan da lehenik master bat amaitzea eta tesiaren tutore bat aurkitzea. Hori egin ostean, doktoretzan matrikulatu nintzen ikerketa-lana abiarazteko.
Oso argi nuen doktoretza finantzaketa batekin egin nahi nuela. Izan ere, horrelako ikerketek 3-4 urte inguru iraun dezakete; baina finantzaketarik gabe eta jardunaldi erdia eginez, prozesua 8-10 urtera luzatu daiteke. Denbora horretan diru-sarrerarik gabe egotea oso zaila da. Beraz, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Doktoratu Aurreko Laguntza lortu nuen.
«Marko teoriko sendo bat eraiki nahi dut»
Zein da zure ikerketaren gaia?
Lau urteko ikerketa-prozesua denez, ezinbestekoa da ikuspegi orokor eta sakonarekin abiatzea. Une honetan marko teoriko sendo bat eraiki nahi dut. Horretarako, datu-multzoetan agertu daitezken alborapenak (sesgos) antzemateko erabiltzen diren metrikak ikertzen ari naiz.
Nire kasuan datuak irudiak izango dira, baina oraindik ez dago oso argi tesia norantz bideratuko den. Halaber, helburu ezberdinetako ikerketak daude jada irudiekin: sailkapena (irudi bakoitza kategoria batera esleitzea), objektuen detekzioa (bounding boxes, irudi bateko objektu guztiak koadro mugatzaileen bidez aurkitzea) eta segmentazio semantikoa (irudi baten pixel bakoitza sailkatzea, irudian agertzen diren klaseak dituen mapa bat sortzeko). Hala, nire ikerketa lurrazaleko satelite-irudien esparruan kokatzen da, Earth Observation eta Remote Sensing arloetan. Momentuz, satelite-irudien datu-multzoek alborapenik duten, eta hala bada, zein motatakoak izan daitezkeen ikertzen ari naiz.
Beraz, etorkizunean, eredu matematiko eta estatistikoak entrenatu aurretik, alborapen horiek zuzendu beharko ditut. Ondorioz, ikerketak aurrera egin ahala, ikusten dudanaren arabera bideratuko dut tesia.
Zergatik erabaki duzu doktoretza egitea?
Ikertzea asko gustatzen zaidalako erabaki nuen doktoretza egitea. Graduaren eta Masterraren Amaierako Lanak egiten oso gustura aritu nintzen, eta esperientzia horrek urratsa ematera bultzatu ninduen. Hala ere, gaia ez nuen nik aukeratu. Hasieran, medikuntzarekin eta diagnostiko irudiekin lotutako ikerketa egin nahi nuen, baina Nafarroako Unibertsitate Publikoak ez du horrelakorik bilatu. Ondorioz, nire tutoreak aztertzeko zeuden hiru ildoak azaldu zizkidan eta horien artean, erakargarriena hautatu nuen.
Nola antolatzen duzu zure ikerketa?
Momentuz ez dut antolakuntza oso egituraturik prestatu. Lehenik eta behin, ikerketa egiteko egoera orokorra aztertzen ari naiz. Horretarako, Deep Learning (ikaskuntza sakona) izeneko ikastaro bat egin dut. Halaber, adimen artifiziala ezagutzen hasi naiz. Amaitzeko, tutorearekin eta tutorekidearekin bi astetik behin elkartu beharko dut, ikerketaren jarraipena egiteko.
«Datuen akatsak topatzea eta konpontzea ezinbestekoa da»
Zein izan da zure ikasketetan bizi izan duzun momenturik zailena?
Unerik gogorrena Datuen Zientzietako lehen maila izan zen, ikasgaiaren arabera, ordu asko landuta ere gainditzea zaila baitzen. Baina batez ere, momenturik konplikatuenak erabakiak hartzeko uneak izan dira.
Beraz, zure motibazio-iturririk handiena...
Motibazio-iturririk handiena ikertzea gustatzen zaidala da. Gaur egun, adimen artifizialaren modeloek erabaki asko automatikoki hartzen dituzte esparru askotan, kreditu eta mailegu sistemetan, justizian, osasun eta diagnostiko medikuetan, etab. Modelo horiek datuetako patroiak berenganatzen ditu eta kontuz ez bagabiltza, diskriminazioa sustatu dezakete. Beraz, testuinguru horretan, datuen akatsak topatzea eta konpontzea ezinbestekoa da.
