Abenduaren 10etik, 462 haur pediatrarik gabe daude Larraun eta Lekunberriko Osasun Etxean eta ez dute ordezkorik bidali. Horren ondorioz, nahitaez pediatrak aztertu behar dituen kasuak Leitzara eta Irurtzunera bideratzen ari dira, baina herritarren hitzetan, “irtenbide hori ez da nahikoa, batez ere joan-etorriak erraztuko dituen garraio publikorik ez dagoelako”.
Badirudi, epe motzean arazoak ez duela beste irtenbiderik, baina herritar guztiak bere erreklamazioa jartzera animatu nahi dituzte. Hala, eskualdeko kaltetuetako familiek hurrengo mezu hau partekatu dute:
- Pediatra zerbitzua eskualdean orain
Gauza jakina da gure eskualdean azken urte luzeetan pediatra zerbitzuak gorabeherak izan dituela eta ez dela modu egonkorrean eskaini. Egun, eta abenduaz geroztik, Lekunberri eta Larraungo osasun etxean ez da pediatra zerbitzurik umeak artatzeko, eta horrek eragiten du bertako eta baita Araitz eta Beteluko haurrak ere, Leitzako edota Irurtzungo osasun etxeetara bideratzea. Ume kopuru handia izan arren (500 bat), familiok ezin dugu gure seme-alabentzat oinarrizko osasun-arreta espezializaturik jaso bertan.
Haurren osasuna eskubide unibertsala da, eta administrazioaren betebeharra da eskubide hori bermatzea, bizi garen tokia edozein delarik ere. Pediatra-zerbitzurik ez izatea familia eta gurasoon kezka eta arazo izatetik harago, herritar eta biztanle orori eragiten dion auzia da, izan ere, osasun-zerbitzu egokia izatea bizigarritasunaren oinarria da. Oinarrizko zerbitzu publiko honen gabeziak eskualdearen etorkizuna baldintzatzen du eta funtsean, herri txikietan bizitzea zailduko du ezinbestean, landa-eremuak bizirik mantentzeko ahalegina serioski zamatuz.
Gaurko zerbitzuen antolaketa hau ez da eskubidezkoa, berriki aipatutakoaz gain, lurralde-desoreka eta bazterkeria ere sortzen baititu (garraio arazoak gehituz, irisgarritasuna zailduz, deslekutzea eraginez, …). Horregatik da garrantzitsua denok egoeraren jakitun izatea.
Osasun-arreta ez da kontu abstraktu bat, egunerokoan eragiten digun errealitatea da. Eta, are, pediatra-zerbitzua ez da pribilegio bat: behar bat eta eskubide bat da. Hori hala, Osasunbideari eskualdean pediatra zerbitzua jartzeko eskatzeko biltzen hasi gara inguruko guraso talde bat. Sare eta komunikabideetan emanen dugu gure ekimenen berri, eta herritarron ulermena eta inplikazioa biziki eskertuko ditugu.
Eskualdeko kaltetutako familiak