Porrota jaso arren finalean oso ongi jokatu zuen Nafarroako selekzio taldeak

Mailope Aldizkaria 2026ko martxoaren 5a

Jaurtiketa zehatz bakar batek erabaki zuen UEFA Eskualdeen Kopako finala, Kanariasek kopa irabazi baitzuen Terrassako Estadi Olímpicen jokatutako neurketa bizi eta orekatuan.

Argazkiak: Xabi Aldaz.

Etxeko hiru jokalari aritu ziren final handian: Bingen Beguiristain, Hodei Buldain eta Xabier Arrieta. Hala, Nafarroa ibilbide bikainarekin iritsi zen finalera garaipen guztiak lortu ostean; baina bigarren zatian jasotako golak kopa etxera eramateko ametsa hautsi zuen. Nolanahi ere, Nafarroak aukera garbiak izan zituen, batez ere bigarren zatian.

Herritarrek eta taldekideek argi adierazi dute garaipenak “gutxigatik ihes egin diela” eta dagoeneko, “gure txapeldunak direla”; lortu duten guztia historikoa izan baita. Halaber, pasa den igandean bizitakoa gutxi izan balitz, astelehenean, Beguiristain, Buldain eta Arrieta Beti Kozkor futbol taldearen entrenamendura garaiz eta indartsu iritsi ziren. Gauzak horrela, atzo iluntzean, etxeko zelaian, Oberenaren aurka lehiatu eta 4-0 irabazi zuten.