Tradizioa, auzolana eta kudeaketa profesionala ezinbestekoak dira Araitz eta Beteluko hilerrietan

Imanol Iriarte (Arribe) eta Lontxo Zubillaga (Betelu). 2026ko martxoaren 26a

Beteluko hilerria.

Garai batean, norbait hiltzen zenean, alargunak eta senideak beltzez janzten ziren. Horrekin haien dolua adierazten zuten eta iraupena senidetze-mailaren araberakoa izaten zen.  Etxean gorpua beilatu, hileta-elizkizuna egin, eta gorpua hilkutxan lurperatzen zuten, herriko edo hiriko hilerrian. Gaur egun, berriz, hainbat ohitura eraldatzen ari dira. Orain ia inork ez du lehen bezalako dolurik egiten, eta gero eta gutxiago lurperatzen da.

Beteluko eta Araizko hilerriek bakoitzak bere izaera eta kudeaketa modua dute. Lontxo Zubillaga Beteluko alkatea eta Imanol Iriarte Arribeko bizilaguna, egungo egoeraren testigu dira. Araitzen, dagoeneko mahai gainean jarri dituzte egun gainditu beharreko erronkak eta etorkizunerako proiektu berriak; Betelun, ordea, gogoan dituzte etorkizunerako ideiak eta betebeharrak.

 

Araizko auzolanetik kudeaketa formalerantz

Duela hamarkada batzuk, Arribe eta Atalluko kontzejuak elkartu zirenean, erabaki argi bat hartu zuten: hilerrien kudeaketa herri bakoitzak bere kabuz egin behar zuen. Ondorioz, Arriberen antolaketa propio bat sortu eta abiarazi zuten. Hasieran, etxe bakoitzeko urtean behin ordaintzeko kuota txiki bat ezarri zuten. Horren bidez, herritarren arteko elkartasun-sistema bat sortu zuten. Izan ere, norbait hiltzen zenean, hilerriari lotutako gastuak diru horretatik ordaintzen baitzituzten. “Nitxoaren tapak, izenen plakak edo kolokazioaren gastuak diru kopuru horretatik ordaintzen genituen”, azaldu du Iriartek.

Sistema horrek oso ongi funtzionatu zuen, baina denborarekin bestelako gastuak sortzen hasi ziren. Hilerria betetzen joan zen, eta gorpu gehiago sartzeko lekua behar zen. Horren ondorioz, Arribeko hilerrian 30 nitxo hustu zituzten, betiere legezko protokoloa jarraituz. Hala, familiei jakinarazi, baimenak lortu eta beharrezko tramite guztiak egin zituzten. Gastu horiek guztiak, urteetan bildutako kuoten bidez ordaindu ziren.

Iriartek azpimarratu duenez, nitxoen erabilera eta gorpua erraustea gero eta nabarmenagoak dira. Ondorioz, etorkizun hurbil batean, hilerrien kudeaketa profesionalizatzeko plangintza antolatzen hasiak dira.

“Nitxoaren tapak, izenen plakak edo kolokazioaren gastuak diru kopuru horretatik ordaintzen genituen” -Imanol Iriarte

 

Sistema tradizionala kolokan

Arazo nagusia, ordea, banku-kontuarekin sortu zen. “Garai batean bankuan kontu korronte bat izatea errazagoa zen; gaur egun, ordea, lege eta baldintza asko bete behar dira”, azaldu du Iriartek. Horregatik, Herritarrek, Arribeko kuoten kontua Arribe-Atalluko kontzejuaren izenean zabaltzea proposatu zuten, baina azkenean kontu hori bertan behera gelditu zen.

Egoera horrek sistema guztia kolokan jarri zuen. “Bizilagunei kuota kobratu beharko balitzaie eta kontu korronte nagusi bat ez balego, etxez etxe dirua eskatzera joatea beharrezkoa izango litzateke, eta gainera, dirua norbaitek bere etxean gorde beharko luke. Kudeaketa hura ez zitzaigun batere egokia iruditzen”, dio Iriartek.

Bestalde, Arribek ez du bere kabuz dirulaguntzak eskatzeko aukerarik, “identitate juridikoa Arribe eta Atalluko kontzejuek baitute”, azpimarratu du. Horrek are gehiago zaildu zuen egoera, batez ere hilerrian beste behar batzuk loratzen hasi zirenean.

Atalluko hilerria. 

 

Errausketa gero eta ohikoagoa

Azken urteotan, gero eta herritar gehiagok erabakitzen dute gorpua erretzea. Horrek beste erronka bat ekarri du Arribeko hilerrira: errautsak modu egokian gordetzeko espazioa behar da. Horretarako, kolunbarioak —errautsak sartzeko kutxak— jartzeko beharra ikusi zuten.

“Argi ikusten genuen kolunbarioak ezinbestekoak zirela. Alde batetik kuotak ezin genituen formalki kobratu, eta bestetik, hilerrian gauza berriak egin behar ziren”, azaldu du Iriartek. Horren aurrean, herritarrek erabaki zuten kontzejura jotzea, eta hilerrien ardura modu ofizialean bere gain hartzeko eskatu zieten.

“Argi ikusten genuen kolunbarioak ezinbestekoak zirela” - Imanol Iriarte

 

Kontzejuaren ardura, herritarren laguntzarekin

Egoera azaltzeko eta irtenbideak adosteko, bi batzar ireki egin zituzten Arriben. “Jende asko azaldu zen, gaiak mahai gainean jarri behar baitziren”, dio Iriartek. Batzar horietan erabaki zen etorkizunean edozein inbertsio edo obra egiteko, Arribeko herritarren ordez kontzejuak izan behar zuela kudeaketa formala egiteko ardura.

Beraz, erabaki zuten Arribe-Atalluko kontzejuak, herritarren eta boluntarioen laguntzarekin hilerrien ardura hartzea. “Gu laguntzen jarraitzeko prest gaude, baina kudeaketa profesionalago bat egitea beharrezkoa dela uste dugu”, laburbildu du Iriartek.

Gaur egun ere, Arribeko hilerria boluntarioen lanari esker mantentzen da. Herriko bi emakumek, Amaia eta Mari Terek, garbiketa-lanak egiten dituzte, eta hilerria “oso txukun” dagoela nabarmendu du Iriartek. Norbait hiltzen denean, nitxoaren prestaketa, familiari informazioa ematea edo tapa eskatzeko kudeaketa Iriartek egiten du.

“Herritarrek afekzioa diote Arribeko hilerriari; badago txukun edukitzea gustuko duen jendea, eta badago hori horrela mantentzeko interesa”, dio. Horregatik, oraindik ere neurri handi batean “duela 50 urte bezala” funtzionatzen dute: jendearen borondateari eta lanari esker.

Hala ere, Iriartek argi du etorkizunera begira aldaketak beharrezkoak izango direla: “Beste modu batera lan egiteko beharra dago”. Tradizioa eta egungo errealitatea uztartzea izango da, hortaz, Arribeko hilerriaren erronka nagusia.

“Herritarrek afekzioa diote Arribeko hilerriari” - Imanol Iriarte

 

Beteluko hilerriaren historia eta gaur egungo kudeaketa

Lontxo Zubillagak, Beteluko alkateak, azaldu duenez, gaur egun erabiltzen den hilerria XIX. mendearen bigarren erdialdean ireki zen, Nafarroan izandako peste baten ondorioz. Garai hartan, osasun-arrazoiengatik, beharrezkotzat jo zen herrigunetik kanpo hilerri berri bat sortzea, eta horrela finkatu zen gaur egun Olarburu izenez ezagutzen den txokoan dagoen hilerria. Hura, 1850 eta 1890 urteen artean sortu zen. Hilerri zaharra, aldiz, erabat itxita dago. “Tapatua eta sasiz estalia dago, eta ez dakigu zehazki noiz edo nola zabaldu zuten”, azaldu du Zubillagak.

Hilerri zaharrean zeuden baldintzak ez ziren egokiak: animaliak askatasunez ibiltzen ziren eta, zenbaitetan, hezurrak kanporatzen zituzten. Hilerri berriko gorpuak, ordea, babestuago daude; gorpu gehienak lur azpian daude, ez dago nitxorik eta panteoi partikular batzuk baino ez daude. Iraganean, gerrako gurutze batzuk ere bazeuden, Gerra Zibilean hildako herriko gazteen omenez jarritakoak. Hala ere, denboraren poderioz oso hondatuta zeudenez, gehienak kendu zituzten. Halaber, hilerri berriko gorpu kopurua ez da guztiz zehatza, baina argi dago oraindik nahiko leku dagoela.  

Zubillagaren arabera, herritarrek ez dute nitxoen beharra bereziki azpimarratu, eta adineko jendeak, oro har, lurperatzea nahiago du. Hala ere, udalak etorkizunera begira, beharrezkoa denean nitxoak eraikitzeko proiektua garatzeko aukera aurreikusi du. Gainera, gaur egungo testuinguruan, errausketak gero eta garrantzi handiagoa du. Araitzen bezala, Betelun ere argi dute hautsak edonon ezin direla bota eta horiek jasotzeko espazio egokiak behar direla.

 

Beteluko hilerria. 

 

Mantentzea eta auzolana

Beteluko hilerriaren mantentze lanak herriko langileen eta boluntarioen laguntzarekin egiten dituzte. Halaber, ingurua egoki mantentzeko lanak auzolanean egiten dira. “Belar luzea ikusten dugunean berehala mozten dugu eta denon artean banatzen ditugu betebeharrak”, azaldu du alkateak.

Lurperatze lanak, aldiz, ez ditu udalak zuzenean kudeatzen. Herrian bertan Irache beilatokia dagoenez, hura arduratzen da prozesu osoaz: makineriarekin joan, zuloa egin eta zerbitzu guztia antolatzen dute. Iraganean, lan horiek langabezian zeuden edo lan gutxi zuten herritarrek egiten zituzten, diru pixka bat irabazteko. Gaur egun, ordea, kudeaketa profesionala da, nahiz eta auzolana mantentzen den.

“Denon artean banatzen ditugu betebeharrak” - Lontxo Zubillaga

Beteluko hilerriaren kudeaketan ez da premiazko aldaketarik aurreikusten,  baina etorkizunerako plangintza prest dute. Nitxoak egiteko proiektua behar denean aktibatuko da: “Momentuz ez dugu leku faltarik sumatzen. Etorkizunean, beharra sortzen denean, prest gaude proiektua martxan jartzeko”, ondorioztatu du Zubillagak.

“Prest gaude proiektua martxan jartzeko” - Lontxo Zubillaga

Egun, ohiturak aldatu dira. Betelu eta Araitzen tamaina eta izaera desberdina izan arren, antzeko erronkak partekatzen dituzte: hilerriak egoki mantentzea, auzolanean lan egitea, profesionaltasuna eskaintzea, herritarren beharrak asetzea eta etorkizunerako proiektuak aurreikustea. Iriartek eta Zubillagak azpimarratu dute, aurreko sistemak eta tradizioak errespetatuz, elkarlana ezinbestekoa dela.

Azkenean, hilerriak ez dira gorpuzkien gordailu hutsak; komunitatearen memoria, kultura eta elkarlana ere badira. Hala, tradizio zaharrak desagertu   arren, hildakoekiko errespetua eta bizi direnen ardura partekatuak indartsu jarraitzen dute, auzolanean lan egiteko prest dauden herritarrei esker.