Larraun eta Lekunberriko udalek, Javier Riaño Itzulia antolakundeko arduradunarekin batera, agerraldia egin dute Mendukiloko haitzuloan, etapa amaituko den tokian, hain zuzen ere.
Udalek eta antolakundeak lasterketa antolatzeko gakoak izan diren guztien arteko elkarlana eta koordinazioa azpimarratu dituzte.
Arkaitz Goikoetxea (Lekunberri) eta Mikel Huarte (Larraun) alkateek, bertako ardatz identitario gisa, paisaia, kultura, tokiko ekonomia eta euskara jarri dituzte balioan. Ardatz horiek lurraldea bisitatu nahi dutenentzako erakusleiho izan nahi dute, bai etaparen egunean, baita bisita eta gozameneko bestelako egunetan ere.
Agerraldi horretan Astizko Kontzejuko lehendakaria den Joxemari Azpirotzek hartu du parte, eta ondare eta turismoaren helmuga den herriaren jasangarritasuna azpimarratu du.
Aurtengo bigarren jardunaldia Iruñetik abiatu eta Astizko Mendukilo haitzuloan amaituko da. 165 kilometro eta profil menditsua izango ditu, Uharte Arakiletik abiatzen den zementuzko pistatik Aralarko San Migelerako igoera barne. Kategoria bereziko mendatea da, 9 kilometro pasatxokoa eta % 7,8ko batez besteko desnibelarekin.
Egun horretan, Irurtzundik (Zuarrarrate) Madozera igo beharko dute txirrindulariek. Etapa Mendukiloko haitzulorako igoerarekin amaituko da. Amaierara iristeko, lasterketa Lekunberritik Madotzera igoko da bi kilometroz, Astizeko herrigunera iritsi eta, eskuinera biratu ostean, txirrindulari lasterketetan estreinakoz eginen den kilometro pasatxoko igoerari ekinen dio, eta hainbat tarte motzetan % 10eko desnibela izanen da.