Arriben abiatu da Mendialdeko Azoka Ibiltaria

Mailope Aldizkaria 2026ko apirilaren 19a

Datozen hilabeteetan, Mendialdeko herriak tokiko produktuen topagune bilakatuko dira, Mendialdeko Azoka Ibiltariaren edizio berria gaur goizean hasi baita, Arriben.

Argazkiak: Arantxa Azpiroz.

Urtez urte, azoka indartu egin da, eta gaur egun eskualdeko ekoizleen produktuen eta kulturaren aldeko ekimen garrantzitsua bihurtu da. Aurten, artzaintzari lotutako jarduerek protagonismo berezia izan dute Arriben. Eskualdeko gazten lehiaketa eta dastaketa antolatu dituzte eta ohiko postuak ere izan dira. Hala, bisitariek bertako ekoizpena gertutik ezagutzeko aukera izan dute.  

2020an sortu zenetik filosofiari leial, zazpigarren edizioa bete du ekimenak, eta Arribeko plazak hartu ditu ekoizle, bisitari eta artzaintzaren munduko zaleak.

Mendialdeko Gazta Lehiaketan guztira 15 gazta aurkeztu dira, eta 60 pertsona baino gehiagok hartu dute parte dastaketan eta ondorengo bozketan. Irabazlea Uztegiko Antsoneako gazta urdina izan da. Pellok jaso du txapela, Luis Zabala Atalluko artzainaren eskutik.

Bigarren postua, Leitzako Mirenek etxerako ekoizten duen Idiazabal motko ardi gaztak eskuratu du. Hirugarren postuan, berriz, Aresoko Iurgiren ahuntz gazta geratu da.

Bestalde, Elorri elkartean Igor Hernandez Ochoa gazta dastatzaile adituak gazta bat baloratzeko garaian kontuan izan beharreko ezaugarriak azaldu dizkie bertaratutakoei. Forma, testura, usaina eta zaporea baloratzen hasteko lehen zantzuak jaso dituzte ikastaroan.

Mendialdeko azokan ohikoa den moduan, azoka postu ezberdinez osatu da. Elikagai postuak egon dira: taloa, gazta, eztia, haragi-produktuak, hestebeteak, pateak, ogia, arrautzak eta olioa. Horiekin batera, tokiko artisautza-postuak ere izan dira, egur, zeramika, metal eta ehungintzako lanekin.

Hitzorduak tokiko produktu jasangarrien erakusleihoa eskaini du, kontsumo arduratsua sustatuz.

Azoka beste hainbat herritan ere egingo da: maiatzaren 17an Lekunberrin, ekainaren 28an Goldaratzen, irailaren 13an Leitzan eta urriaren 11n Areson. Ekimenak eskualdeko hainbat udalen lankidetza izan du, baita tokiko elkarte eta eragileen babesa ere.