Araxes Garaiko Mankomunitateak hondakin organikoen konpostajean darrai

Mailope Aldizkaria 2026ko apirilaren 22a

Araxes Garaiko Mankomunitateak, hondakin organikoen kudeaketan urratsak ematearen alde egin du, etxeko konpostajean eta komunitateko konpostajean hain zuzen. Aspaldidanik, sistema biak ezarrita daude Mankomunitateko ia herri guztietan, eta urte honetan sitema etxebizitza guztietan ezarrita egotea espero da.

Argazkiak: Araxes Garaiko Mankomunitatea.

Joxe Mari Amundarainek –mankomunitateko lehendakariak- eta Joseba Sanchezek -mankomunitateko arduradun teknikoak-, funtsezkotzat jotzen dute Araxes Garaiko herriek materia organikoaren tratamendu bereizian aurrera egiten jarraitzea, zabortegira eraman behar ez izateko. Gainera, etxebizitzetan sortzen den materia organikoa tokian bertan konpost gisa aprobetxatzen da. "Ziur gaude Mankomunitatea erreferente bihur daitekeela etxeko hondakinen kudeaketa jasangarrian", gaineratu du Mankomunitateko teknikariak, eta klima-aldaketaren aurkako borrokak planteatzen duen erronka premiazkoenetako baten aurrean gaudela azpimarratu du.

Estrategia horri ekiteko, Nafarroako Hondakinen Funtsatik jasotako laguntza ekonomikoarekin, Mankomunitatea hainbat ekintza garatzen ari da, eskualdeko gizartearen zati handienarengana iristeko. Besteak beste, honako hauek nabarmendu behar dira: edukiontziak, etxeko kuboak eta konpostagailuak erostea – zerbitzuak behar bezala funtzionatzeko beharrezko materiala –, etxeetako bisitetan oinarritutako kanpainak egitea, herritarrei materia organikoa behar bezala bereizi behar dela jakinarazteko eta dauden edozein alternatibatan – etxeko konpostajea edo konpostaje komunitarioa – parte hartzera gonbidatzeko.

Zentzu horretan, Joxe Mari Amundarainek adierazi du beharrezkoa dela Mankomunitatearen, udalerrien eta kontzejuen eta herritarren arteko "batasunetik" lan egitea, ingurumenaren ikuspegitik hain sentikorra den alderdi batean aurrera egiteko, hau da, hondakin organikoen kudeaketa iraunkorrean.

Azkenik, Mankomunitateak nabarmendu du oso garrantzitsua dela gizartea jabetzea etxeetako zaborretara botatzen duen materia organikoa, bereizita eta behar bezala tratatuta, konpost moduko baliabide baliotsua bihur daitekeela, eta, aldi berean, ingurumena babesten laguntzen duela. Ildo horretan, gogorarazi nahi dugu nahi duen edonork edozein unetan eska ditzakeela Mankomunitatean beharrezkoak diren materialak, eta doan emango zaizkizula, beharrezko informazioarekin eta aholkularitzarekin batera.