Behin eta berriro oroitu dute herritarrek Lekarozko (Nafarroa) lur horietan egin zen erresistentzia kanpaldia. Izan ere, elkartasun kantaldia burutu zuten atzo herrian, eta, hala, auzipetuen aldeko dirua biltzeko kanpainari amaiera eman. Dagoeneko, duela bi urte jaso zuten zazpi auzipetuek zigor eskaera: osotara, hogei urteko kartzela zigorra, 56.000 euroren isunak eta 43 milioi euroko kalte ordaineko mehatxua, desobedientzia zibil baketsuagatik. Gauzak horrela, iazko irailean iritsi zen epaia: kartzela zigorrik ez, baina milaka euroko kalte ordaina eta 62.000 euroko isuna ordaindu beharko dituzte. Zigorrari erantzun nahiena, dirua biltzeko kanpaina abiatu zuten, eta apirilaren 19ko ekitaldia kanpaina horren amaiera izan zen.
2021eko hasieran egin zituzten Aroztegiko protestak, Lekarozen (Baztan, Nafarroa), obrak eteteko: Palacio de Arozteguia SM enpresaren proiektu urbanistikoari aurre egiteko batu ziren herritarrak, enpresa sustatzaileak luxuzko 228 etxebizitza, golf zelai bat eta lau izarreko hotel bat eraiki nahi baitzituen Lekarozen, 350 biztanleko herrian.
Aroztegiko Elkartasun Komiteak egindako balorazioaren arabera, apirilaren 19ko ekitaldian elkartutako jende kopurua eta ekarpen ekonomikoak bikainak izan ziren. Mila lagun inguru elkartu ziren bertan, Euskal Herriko abeslarien emanaldiak entzuteko: Gorka Urbizu, Pello Reparaz, Joseba Tapia, Ibil Bedi, Zea Mays, Kattalin eta Ane Barcena, Bidenabar eta Iñigo Astiz. Halaber, kanpaina osoan jaso duten erantzuna ere eskertu dute.
Halere, azaldu dute borroka ez dela amaitu. Izan ere, akusazioak helegitea aurkeztu du Espainiako Auzitegi Gorenean.
Eskerrak ere eman dizkiote bide horretan elkartasuna adierazi duen herritar, eragile eta kolektibo orori, eta, bereziki, Sopelako 4ekin 1 plataformako kideei.
Zazpien absoluzioa eskatzeaz gain, UGEP udalerriz gaindiko eragina duen plana behin betiko bertan behera uztea ere galdegin dute bost urteotan.
