Atzo, Amparo Arangoa Satrustegi atxilotu, torturatu eta ospitaleratu zuten 50. urteurrenean, Leitzan, aurkeztu zuten Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zor elkarteak torturaren inguruan abiatuko duten lanketa. "Azken hamarkadetako inpunitatearekin amaitzea, torturatuen errealitatea argitaratzeko eta nazioarteko estandarren arabera torturaren biktima izan diren Mendialdeako herritarren egiarako, justiziarako, erreparaziorako eta ez errepikatzeko duten eskubidean sakondu nahi dutela" azpimarratu dute.
ORTko militante izateagatik atxilotu eta torturatu zuten Arangoa Leitzako Sarrio paper lantegian lanean ari zela. Guardia Zibilek Tolosako kuartel etxera eraman eta bortizki jipoitu zuten, ospitalean Javier Yaben argazkilariak atera zizkion argazkiak eta lehendabizi Zeruko Argian argitaratu ziren, eta ondoren nazioarteko hedabide garrantzitsuenetan: «Tortura ez zen horregatik desagertu, baina Amparok begiak zabaldu zizkien hori ukatzen zutenei bere gorputzaren erakustaldi ausart horrekin. Horrela bilakatu zen Amparo torturaren aurkako sinbolo».
Arangoaren kasua ez dela isolatua nabarmendu dute agerraldian, eta azken hamarkadetan Mendialdean 50 tortura kasu baino gehiago identifikatu dituztela adierazi dute, «Leitza, Larraun, Lekunberri, Goizueta, Araitz, Betelu eta Aresoko herritar ugariren giza eskubideak larriki urratuak izan dira Espainiar Estatuko Segurtasun Indarrek eragindako torturen ondorioz».
Nafarroako Gobernuaren aitortza ofiziala jada jaso dute eskualdeko bi torturatuk. 2025eko azaroan jaso zuen Jose Maria Alemanek, 16/2019 foru legearen baitan, giza eskubideen urraketen biktima gisa aitortza. Urte bereko abenduan, hain zuzen ere Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean onartu zion ofizialki Nafarroako Gobernuak Anparo Arangoari torturaren biktima izaera. Hala ere, aitortza ofizialetan urrats gehiago eman behar direla eskatu dute, «onartuz Espainian sistematikoki torturatu dela». Eta Nafarroako Gobernuari eskatu diote frankismoaz eta trantsizioaz harago ere aitortzak egiteko, bere gain hartuz dagozkion erantzukizunak.
«Garrantzitsua iruditzen zaigu errealitate hau gizarteratzea, gizarte eta memoria demokratikoaren eraikuntzan beharrezkoa delako Espainiar Estatuko indar polizialek egindakoak argitara ateratzea. Horrekin batera aitortza eta erreparaziorako mekanismo ofizialak eskatzea, bizikidetza demokratiko bat eraikitzeko oinarrizko abiapuntua dela deritzogu. Zergatik torturatu zituzten argitzeko garaia, metodo krudel horren aplikazioa noren aginduz ahalbidetu den, nork eta nola baimendu zuen jakiteko garaia da, erantzukizun publikoak hartzekoa, eta, batez ere, inpunitatea amaitzekoa. Aitortzarako garaia da, aitortza politiko eta sozialerakoa», gehitu dute.
Herritar orori dei egin diote antolatutako ekintzetan parte hartzeko. Maiatzaren 15ean, 19.00etan Larraungo Gabari Gune Irekian: ‘Arg(h)itzen’ dokumentalaren emanaldia izango da. Maiatzaren 22an, arratsaldeko 18:30etan Leitzako udaletxean “Tortura: begirada historiko eta judiziala” solasaldia Amaia Izko abokatuaren eta Iñaki Egaña historialariaren eskutik. Eta hirugarrenik, aitortza ekitaldia egingo da maiatzaren 31ean, eguardiko 12.00etan Leitzako Herri Aretoan, “Minek ez gaitzatela lotu, jarrai dezagun hegan” izenburupean.
Amaitzeko parte hartzeko deia egin dute: «Amparok berak idatzi eta Fermin Balentziak ahotsa jarri zion kantuak “mila ahots gaur badaude nere aldez mintzatzen. Mila ukabil badaude askatasuna oihukatzen” dio. Herritar orori dei egiten diogu Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zorrek elkarlanean antolatutako zikloan parte hartzera, askatasuna oihukatuz, mintza gaitezen tortura sufritu dutenen alde, beraien giza eskubideen alde».
