Kubara bidaltzeko oinarrizko produktuak bildu dituzte EHKSk eta IASek

Mailope Aldizkaria 2026ko apirilaren 27a

Oinarrizko produktuen bilketa, Lekunberriko Aliprox supermerkatu parean.

Euskal Herriko 93 herritan eta 100 hezkuntza zentrotan bildu dituzte oinarrizko produktuak Kubara eramateko. 

Kubara eramateko oinarrizko produktuen bilketan emankorra izan dela adierazi dute Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) eta Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS). Ekimena elkarlanean antolatu dute Euskadi-Cuba elkartearekin, eta apirilean Euskal Herriko 93 herritan eta 100 hezkuntza zentrotan egin dituzte bilketak. 

Egoera larriari aurre egiteko milaka kilo material bildu dituzte postuetan: higiene materiala, material sanitarioa, elikadura-osagarriak zein elikagai ez galkorrak, kirol-materiala eta ikasmateriala, besteak beste.

Gure eskualdean, pasa den larunbatean egin zuten bilketa, Lekunberriko Aliprox supermerkatu parean. Antolatzaileek azpimarratu dute militanteen zein boluntarioen lanari esker bidaliko dutela laguntza Kubara, eta eskerrak eman dizkiete parte hartu duten herritar orori ere.