Elkarrizketa

“Baserria dugu elkargune eta mundua dugu begiradan”

Mailope Aldizkaria 2026ko ekainaren 3a

Rafa Etxarri Azpirotz.

Apirilaren 18an, Rafa Etxarri Azpirotzek “Ezkatzea” erakusketa gune berria eta “Kolorea gara” margolanak aurkeztu zituen Arruizko Juansarenea baserrian. Ekitaldian gertuko giro bikaina nagusitu zen eta jende ugari hurbildu zen: senideak, lagunak, herritarrak eta hainbat sortzaile, besteak beste.

Kolorez eta espresioz betetako artelan ederrak ikusteko aukera paregabea izan zen. Halaber, Etxarrik hitz eder batzuk eskaini zituen eta proiektuaren nondik norakoak azaldu zituen. Hala nola, Ezkatzea izenak baserriaren sarrerako espazio tradizionalari egiten dio erreferentzia, eta arte garaikiderako eta sorkuntzarako topagune irekia bihurtzea da helburu nagusietako bat.

Nola aurkeztuko zenuke zure burua artista gisa? 

Artista autodidakta beterano bat naizela esango nuke. Nire estiloari dagokionez, librea da: barrutik ateratzen den espresioa, erabat askea. Estiloa kokatzerakoan badugu dena etiketatzeko joera; horren barruan, agian abstrakzioaren eta figurazioaren artean kokatuko nuke. Sortzen ditudan lanak, batez ere, koloretsuak dira, eta hori da ezaugarri nagusia. Kolore hori izaera edo asmo batekin lotuta dago; azken finean, artea komunikazio ariketa bat da, eta irudi edo ideia baikor bat proiektatzeko modua. Etorkizunera begiratzen duen ikuspegia da, aniztasunarekin lotzen dena, gaur egun beharrezkoa den zerbait.

“Artista autodidakta beterano bat naizela esango nuke"

 

Artearekin lotutako formakuntzarik izan duzu?
Hasieran, sormenarekin lotuta, arkitektura ikasten hasi nintzen, baina gero, utzi egin nuen. Ondoren, profesionalki diseinuaren munduan aritu naiz urte batzuetan, eta hainbat ikastaro ere egin ditut. Hala ere, gehien lagundu nauena autoformazioa izan da, eta urteek ematen duten perspektiba da, azken batean, eskaini dezakedan balio nagusietako bat. Azkean, artea komunikazio ariketa bat da, eta esperientziak eskaintzen duen ikuspegia eta espresioa funtsezkoak dira.

 

Nolakoa izan da zure ibilbide artistikoa?
Orain dela 30 urte hasi nintzen sortzen, nahiz eta betidanik izan dudan zaletasuna. Egia esan, denbora luzez nire kabuz aritu naiz, gauza handirik egin gabe; duela hiru-lau urte hasi nintzen erakusketak egiten, modu xumean eta tokiko espazioetan.

“Orain dela 30 urte hasi nintzen sortzen”

Azkena Hernani-n izan zen, Pitteri Kultur Etxean, ekaina eta uztaila bitartean. Ordutik, konturatu naiz erakusketak egiteko mugitu egin behar dela eta kanpora irten. Hala ere, proiektu berrien bila ibili beharrean, batez ere sortzen aritu naiz; azkenean, hau ez da nire lanbidea, afizioa baizik, eta ordu asko eskatzen ditu.

Hilabete honetan berriro izango dut erakusketa Irurtzungo Pikuxar Euskal Txokoan, duela hiru urte egin bainuen, eraikuntza zaharrean. Maiatzaren lehen astetik aurrera egongo da ikusgai, hilabete inguru. Aldi berean, udazkenera begira beste aukera batzuk aztertzen ari naiz, ahal bada beste sortzaile batzuekin elkarlanean, idazleekin besteak beste.

Etxarrik tenperaz paper gainean margotutako lan koloretsuak.

Zer da Ezkatzea proiektua?
Ezkatzea izena aukeratzerakoan, askotan izaten den kanpoko edo modernoago diren hitzetara jotzeko tentazioari uko egin nahi izan nion, eta bertako hitzek duten indarra mantentzea interesgarriagoa iruditu zitzaidan. Kasu honetan, gainera, nire ideiarekin oso ongi lotzen da: gurean “ezkatzea” esaten diogu, eta beste toki batzuetan “ezkaratza” deitzen zaio, hau da, baserriaren sarrerako espazioari. Azkenean, hori da erakusketa gune honek eskaini nahi duena: harrera tokia, ideiak eta proposamenak jasotzeko lekua.

Proiektua ez zen agian hausnarketa sakon baten ondorioz sortu; batzuetan, gauzak bat-batean iristen dira. 

Hasieran espazio xume baina atsegin bat nuen, ez handiegia, baina ezta txikia ere, eta margolan asko pilatuta nituen. Horiekin zer egin pentsatzen hasi, eta hortik sortu zen ideia.

Egia esan, proiektua aspalditik osatuta dago, iazko udazkenetik, baina aurkezpen publikoa atzeratzen joan da. Azkenean, udaberriaren bultzadarekin, aurten eman diogu hasiera ofiziala.

Ezkatzea erakusketa gune berriaren aurkezpena.

Non kokatzen da gune irekia?

Ezkatzea gune irekia Juansarenea baserriaren sarreran kokatzen da. Edonork parte hartu dezake bertan; interesa duenak nirekin harremanetan jar daiteke, eta gustura aztertuko genuke proposamena. Bai aurkezpen egunean, bai beste edozein momentutan, ateak zabalik egongo dira.

“Ezkatzea gune irekia Juansarenea baserriaren sarreran kokatzen da”

Pausoz pauso sortutako proiektua da. Momentuz nire lanak egongo dira ikusgai, tenperaz paper gainean margotutako margolan koloretsuak, "Kolorea gara" lelopean izendatu ditudanak; baserritik ikusita mundu globalaren ikuspegi berezia eskaintzen dituzten sorkuntzak. Hala ere, asmoa da gune irekia izatea, beste sortzaileek ere beren proposamenak aurkezteko aukera izan dezaten. Espazioa xumea da, baina egokituta dago bai margolanak bai eskulturak erakusteko.

Edonork interesa badu, elkarrekin aztertuko genuke zer aukera dauden eta nola eman forma proiektuari. Jakitun gara halako ekimenek denbora eta lanketa eskatzen dutela, baina une honetan gunea erabiltzeko prest dago.

“Jakitun gara halako ekimenek denbora eta lanketa eskatzen dutela”

Zer kontatu nahi duzu Ezkatzea proiektuarekin?
Ezkatzeak, batez ere, harrera tokia izan nahi du: ideiak, sorkuntza eta proposamenak —berriak zein zaharrak— elkartzen diren gunea. Kultura eta artea uztartzeko espazioa da, tradizioa eta etorkizuna lotzen dituena. Izan ere, baserri bat da oinarria —250 urteko eraikina—, izaera zaharra eta tradizioa biltzen dituena, baina aldi berean, bere barruan arte garaikidea eta proposamen berriak gorde eta partekatu nahi dituena.

Ikusleak Etxarriren erakusketan. 

Une honetan nire lanak biltzen baditu ere, gune irekia da, beste edozein sortzailek ere bere proposamenak aurkezteko aukera du. Helburua da egungo munduan dauden eztabaidak, ikuspegiak eta irakurketak gure herri txikietara ekartzea, eta, aldi berean, hemendik mundua interpretatzeko aukera ematea. Izan ere, askotan kanpoko —batez ere hiri munduko— joeren atzetik ibili gara, eta nik uste dut hemendik ere badagoela munduari begiratzeko eta gure ikuspegia emateko aukera.

“Une honetan nire lanak biltzen baditu ere, gune irekia da”

Nolabait esanda, baserria elkargune bihurtu nahi dut, eta mundua begiradan jarri. Horrez gain, baserriaren esentzia bera ere azpimarratu nahi dut: apaltasuna, sinpletasuna eta pertsonen berotasuna.

Amaitzeko, ateak zabalik daude; nahi duenak Ezkatz(e)a gune irekira hurbiltzeko aukera du, edo interesa izanez gero, nirekin harremanetan jar daiteke info@koloreak.com helbide elektronikora idatziz. 

Areto xumea da, baina hemendik aurrera ordutegi bat eta prozedura bat izango ditu, oraindik zehaztu ez duguna, baina laster argituko duguna. Jakinaraziko dugu nola izango den.

Ezkatzea, Juansarenea baserrian.