Lan hitzarmen berria izango dute Garapen enpresa publikoko langileek

Mailope Aldizkaria 2026ko ekainaren 5a

Garapen enpresako langileen hitzarmena berritzeko bilera. Argazkia: Lekunberriko Udala.

Eguneko Zentroa, Lekunberriko kirol instalazioak eta beste hainbat zerbitzu kudeatzen dituen  Garapen enpresa publikoak lan hitzarmen propioa izango du lehen aldiz, Lekunberri eta Larraungo Udal ordezkariek langileekin sinatu duten akordioaren ondoren.

Hogeita hamar langile inguruk osatzen dute enpresa publikoa, eta Lekunberriko eta Larraungo udalek finantzatzen dituzte zerbitzu horiek. Azken legegintzaldian zenbait hobekuntza egin dira langileen lan baldintzetan, baina udal ordezkariek eta enpresako langileek egoki ikusi dute lan hitzarmen propio bat adostea. Hitzarmenak sei urteko iraupena izango du, 2025etik 2030a bitarte, eta berdindu egingo dira kiroldegiko eta Eguneko Zentroko langileen baldintzak, orain arte lantoki bakoitzak bere hitzarmena izan baitu.

Langileen lan-baldintzak hobetzeko, lanorduak urtero 20 ordu murriztuko zaie lanaldia, eta 2030. urtean langile guztiek langile publikoen lanorduak izango dituzte, 1690etik 1592 urteko lanorduetara jaitsiz. Monitoreen eta salako teknikoak berriz 1613 urteko lanorduetatik 1535 urteko lanordutara jaitsiko dira. Soldatari dagokionez,  sei urtetan Eguneko Zentroko langileen soldatak kiroldegiko langileen soldatekin parekatuko dira, kiroldegiko soldatak handiagoak baitira, eta urtez urte Nafarroako KPIarekin eguneratuko dira: 2025ean %2,7 igoko zaie atzeraeraginez, eta 2026an %2,6. Horretaz gain, Eguneko Zentroko langileek 15. paga estra ere jasoko dute aurrerantzean, kiroldegiko langileek bezalaxe. Halaber, antzinatasunean ere hobekuntza nabarmena izango da: gaur egun, gehienez 4 urteko antzinatasuna aitortzen zaie, eta oinarrizko soldatari %6  eransten zaio; 2026an, 10 urteko edo gehiagoko antzinatasuna dutenek %8 gehiago jasoko dute, eta 2027tik aurrera, 12 urte edo gehiago dituztenek %12. Bajei dagokionez arlo hau urtero hobetzen joango da, eta 2030. urtetik  aurrera, aldi baterako ezintasunagatiko prestazio guztiak osatuko zaizkie langileei, soldataren osotasunera iritsi arte.

Hitzarmen berrian Eguneko Zentroko langileak izango dituzte hobekuntza handienak; bi udalek azpimarratu dute lehentasunezkoa izan dela zaintza-lanak duintzea, eta hitzarmen berriarekin aurrerapauso bat eman dutela adierazi dute.