Trebetasuna

Mailope Aldizkaria 2026ko maiatzaren 4a

Bizitzak badu talentu nahikoa sinplea izateko, eta guk, nolabaiteko trebetasun berezia dena konplikatzeko. Bizitzea gure izatearen funtsa, etsaiak, gu geu. Esnatzen garen unetik akats, uste eta handikerietan galduak. Bitartean esnea mikrohuin-labean gainezka, kafea hotza eta txigorgailutik erre kiratsa.  

Erantzun handiak, plan perfektuak eta seinaleztatutako bideak bilatzen ditugu obsesiboki, erlojuari begira denboraren esklabo, tik-tak konpultsiboan. Lasaitasuna susmagarria balitz bezala eta denek izan ezin duten zerbait, irabazi beharreko zerbait bezala. Eta hala ere, bizitza kontrakoan tematzen da. Sinpletasuna, erraza, zaratarik gabekoa. Arazoa da batzuetan ez dugula sinesten hori nahikoa izan daitekeenik, ez dugu sinesten hori merezi dugunik.

Guztiari zentzu eta zergati handiak eman nahi dizkiogu, direnari izaten utzi gabe. Zarena izateak espetxe zigorra balu bezala. Dena misterio sakon batean bihurtzeaz kezkatuak une oro denari musika eta distira jarriz, eta bidean bat edo beste itsutzearekin tematuz.

Eta hortxe dago gakoa, foku, mozorro eta makillajeak, esaldi filosofiko eta azpi titulu sakonaren bila, denbora azkar eta zurrun pasa da bizitzaren bila. Eta bizitzak, pazientzia eta dotoretasun osoz azkenean beste behin denborarik gabe utzi gaitu.

Egun gehienak aurrez idatziak eta protokolizatuak daude. Zarata itzali. Inprobisatutako keinu txikiak entzuten ikasi. Arrazoirik gabe barre egin, ezer ez egiteaz disfrutatu.