Beteluko eskolatik HONDARRIBIRA

Araxes Ikastetxea 2026ko ekainaren 18a

LH2-LH3-LH4ko ikasleak Hondarribiko “Elkano” aterpetxean hiru egun ahaztezin pasa ditugu elkarrekin.

Aterpetxeak  jolasteko aukera ederra eskaintzen du: bai kanpoan, bai barruan. Jantokia ederra du eta otorduak bikainak; logelak berriz oso erosoak. Dena bikain!

Lehenengo egunean Hendaiara autobusez joan eta bertako hondartzan bainatu eta jolastu ondoren, txalupaz Hondarribira joan ginen. Aireportua ere bisitatu nahi genuen baina ahalegin guztiak egin ondoren, ez genuen lortu.

Bigarren eguneko goizean, euria ari zuenez, antzerkiak prestatu genituen taldeka. Sekulako pagotxa izan genuen! Beste talde bat “grabatzen” ari zen eta beraien mozorroak utzi zizkiguten. Arratsaldean, itsasargiraino paseotxoa egin genuen, kaia bisitatu eta izozki gozo-gozoa dastatu genuen.

Gauean, berriz, diskoteka egin genuen. Dantzari trebeak gureak! Biharamunean hondartzan bainu bat hartu, neka-neka eginda autobusean sartu eta…. etxera! Bai ongi pasa genuela eta bai ongi moldatu ginela maila desberdinekoak elkarrekin!

Hurrengora arte!