Goizean goizetik hasi zen festa. Ibarreko herrietatik etorritako txistulariek argi-soinua eskaini zuten, eta 09:00etan abiatu zen Ttutturrerekin antolatutako mendi ibilaldia.
Pilota partidek ikusmin handia sortu zuten goizean, eta ondoren Aralar Udal Musika Eskolako ikasleek beren emanaldia eskaini zuten. Jarraian, Tirikitrauki Dantza Taldearen saioak plaza girotu zuen, eta eguerdian Larraungo Ingurutxoa dantzatu zuten. 14:00etan hasi zen herri bazkaria. Bazkalostean, Joanes Ilarregik eta Julio Soto gorritiarrak bertso-saio bikaina eskaini zuten.
Arratsaldean ere ez zen jarduerarik falta izan. Haurrentzako jolasen ostean, bingo musikatua egin zen gazte eta helduen parte-hartze zabalarekin. Egunari amaiera emateko, Trikiteens taldearen dantzaldia izan zen eta bertaratutako askok iluntzera arte luzatu zuten festa.
Antolatzaileek oso balorazio positiboa egin zuten, baina gazteen parte-hartze handiagoa behar dela azpimarratu zuten. Beraz, gaztea bazara eta datorren urteko Larraungo Eguna antolatzen lagundu nahi baduzu, jar zaitez Larraungo Eguneko Batzordearekin harremanetan.