Erreportajea

Aurrera goaz

Mailope

Bide paralelo luzea egin dute, orain arte, Mailope aldizkariak eta Aralar irratiak. Biak batzeko beharra ikusi ostean, etorkizunari aurrez aurre begira diezaiokeen proiektu komunikatibo sendoagoa du eskualdeak orain. Mailopek diseinu berria dakar eta Aralar irratiak estudioa estreinatu berri du, parrilla berriturik.

Mailope 1990eko udazkenean jaio zen, Araitzen, Euskara batzordeko kide batzuen iniziatibaz. Hasieran, tarteka banatzen zen eskuorri txiki bat baino ez zen, ez baitzen garai hartan, artean, hilabetekaria.

Pixkanaka-pixkanaka itxura hartuz joan zen. Aldizkari bilakatuta, hiru hilean behin banatzen zen, zuri-beltzean, eskualde osoan: Araitzen, Betelun, Larraunen eta Lekunberrin. Banaketa, orain baino askoz prekarioagoa zen. Herriz herri, boluntarioen laguntzaz, helarazten zen etxe guztietara. Gogora ekarri du, Ainhoa Berazak, 1999. urtean, bera sartu zenean, aldizkariak ez zuela izaera juridiko propiorik eta Araizko Udalaren hegalpean ibiltzen zela, diru-laguntzak lortu ahal izateko.

2001ean, hamar urteko ibilbidearen ostean, Mailope Kultur Elkartea sortzea erabaki zen, aldizkariari egitura hori emateko eta langile bat kontratatu ahal izateko. Ordura arte boluntario ibilitako Agurtzane Altuna izan zen aurreneko langile kontratatua. Elkarteak, gainera, bazkidetzaren bidea zabaltzeko eta beste diru-laguntza batzuetara aurkezteko aukera eman zion argitalpenari. Zuri-beltzean hiru hilean behin banatzetik, hilabetekari izatera pasa ziren handik gutxira, eta kolorea ere azalduz joan zen: aurrena azalean eta, gerora, orrialde guztietan. 

Baina, bat-batean, 2008ko mundu mailako krisi ekonomiko larria heldu zen. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzak desagertu ziren, Udalek ere diru gutxiago zuten eta, egun batetik bestera, Mailopek hurrengo zenbakia ateratzeko dirurik ez zuela ikusi zuen. Bilera garrantzitsua egin zen, hil ala biziko egoerari aurre egiteko. Horren ondotik, Udalekin hitz eginda eta hainbat ekimen bitartez, ataka hartatik ateratzerik izan zen, “nolabait” Ainhoa Berazaren hitzetan. Bazkidetzek ere berebiziko garrantzia izan zuten momentu hartan eta horiek lortzera bideratu ziren ahalegin guztiak, hilabetekaria salbatzeko.

Krisia pasa zen, baina baziren bestelako erronkak mahai gainean. Errotazio handia zegoen erredakzioan. Zaila zen langile bat topatzea eta zailagoa hori mantentzea, eskain zitezkeen baldintzetan. Hori dela eta, 2010. urtean, Labrit-ekin akordioa lotu zen, produkzio osoa bere gain har zezan. Labrit izango zen hamabost urtez, langilea lortu, publizitatea kudeatu eta aldizkaria maketatu eta inprimatuko zituena. 2025. urtea heldu zen arte.

Hogeita hamasei urte hauetan, zenbaitetan arrastaka ibili bada ere, Mailopek etxe guztietan aldizkaria banatzea lortu izan du. Inoiz sortu izan dira horren inguruko hausnarketak elkartean: etxe guztietara banatu behar da? Hedapena bazkideetara mugatzea planteatu izan da behin baino gehiagotan, bideragarriagoa izan zitekeelakoan edota, agian, bazkidetza bultzatuko zuela sinetsita. Baina, “nolabait”, oraindik ere, sortu zeneko ideiari eutsiz, doan banatzen da etxe guztietan argitalpena, eskualdeko berriak euskaraz irakurtzeko aukera izan dezan jendeak.

“Etxe bat bazkide bat” bezalako ideiak bultzatu izan dira urteetan, proiektuak aurrera egiteko modurik izan zezan. Baina, hala ere, gaur gaurkoz, hilabetekaria jasotzen duten etxe askotan ez dago bazkiderik.

Aralar irratia urte berean jaio zen, 1990ean, eta ordutik zabaldu ditu bere uhinak eskualdean barrena. Baina bide paraleloa egin du, hein batean. Hasiera-hasieratik, Lekunberriko Udalarena izanik, egoera ekonomiko egonkorragoa bizi izan du, Mailoperekin alderatuta. 

Askotan eta urteetan hitz egin izan da Mailope Kultur Elkartearen barruan irratia eta hilabetekaria batzeko ideiaren inguruan. Hala ere, orain arte, ezin izan da eskualdeko bi hedabideen bateratzea gauzatu. Baina, azken hamarkadan, digitalizaziorantz goazen garaiotan, geroz eta agerikoa zen bide hori zeinek bere aldetik nekez egingo zutela. 

Hori dela eta, hedabide biak elkartzeko Mailopek egindako proposamena onartu zuen Lekunberriko Udalak, 2025ean. Ordutik, elkarteak Aralar irratia kudeatzen du eta bi hedabideetako langileak elkarlan estuan jarduten dira.

Bateratzea xede, eskualde mailako prozesu parte-hartzailea abiatu zen, proiektu komunikatibo osoa aintzat harturik. Bi saio egin ziren, Betelun, Tokikom-ek lagunduta. Jende asko bildu zen eta, udan, proiektua definitzeko lantaldea osatu zen. 2025eko urrirako, martxan zen egitasmoa.

Aldizkaria eta irratia eskualdean errotuta daude eta komunitatea sustatzeko tresna garrantzitsua osatzen dute. Eta  oraingo lankidetzak sarean presentzia sendoa nahi du orain erdietsi. Etorkizunean erreferente izaten jarraitzeko.

Mailope berritzeko aprobetxatu da, bide batez. Naroa Erbitik sortu ditu logotipoa eta diseinua, eta atal eta kolaboratzaile berriak ageri dira orriotan.

Irratia ere berritzen ari da. Dagoeneko Iribasen bezain entzungai da Zelanda Berrian, Internet konexioa duen ororentzat. Parrilla oparoagoa prestatzen ari da eta estudio bera ere eguneratzen. Behin behinean, Gabaritik emitituko da, baina Lekunberriko udaletxean obrak bukatutakoan, bertan izango dute lantokia proiektu bera osatzen duten hedabide bietako langileek, hogeita hamasei urtetako bideari segida luzea eman dakion.

Horretarako, baina, ezinbestekoak izango dira, beti bezala, bazkideak eta publizitatea.