Enrike Solinís izan dugu gaur goizean irratian “Xirribit” diska-liburu berria aurkezten. Berarekin batera, Miren Zeberiok ere parte hartu du "Euskelele" azken diska-liburuarekin egin zuten bezala. Juan Kruz Igerabide idazleak lagundu ditu ipuina idazten eta euskarri bezala, Irene Iruretaren ilustrazioek ipuina osatzen dute.
Diska-liburua bada ere, kasu honetan CD fisikorik ez ateratzea erabaki dutela kontatu digu Enrikek, baina, jasotzen ari diren eskakizunak direla eta ideiaz aldatzeko garaiz daudela ere esan digu. Bitartean, ipuina laguntzen duten abestiak entzungai daude plataforma guztietan eta baita beren sare sozialetan.
Honetaz gain, Enrikeren azken bizipenetaz ere aritu gara besteak beste, Euskal Herriko Orkestra Barrokoaren sorrera eta datozen kontzertuak, baita ZETAK taldearen "Mitoaroa" ikuskizunean eginiko parte-hartzea. Hemendik ibili ziren musikari biak ikuskizuna prestatzen alegia, Azkaraten bizi baita Enrike, Tolosarekin tartekatuz.