Urte luzea lanean eman ondoren, aldaketa eta, ahal izanez gero, deskantsuaren beharra sentitzen dugu. Batzuk etxean geratu eta gauzak egiteko parada hartu, beste batzuk ezer egin gabe egon eta beste batzuok kanpora norabait joatea aukeratzen dugu. Eguneroko errutinatik ateratzen gara oporretan. Aurten ni Malaysian egon naiz. Ez nuen ezagutzen eta nire alaba Maider han zegoela aitzakia bezala hartuta, bertaratu naiz. Lehenengo 3 asteak bakarrik ibili naiz herrialde urrun eta desberdin honetan. Laugarren astea, aldiz, Maiderrekin, eta bukaeran berriz bakarrik. Borneo eta Penintsulako hainbat toki ezagutu ditut aurretik ezer planeatu gabe. Ia egunero erabakitzen nuen hurrengoan zer egin. Oihanean ibili naiz eta orangutanak, tximino mota desberdin asko, bi metro eta erdiko muskerrak, hegazti handiak eta txikiak, metro luzeko saguzarrak eta beste asko ikusi ditut. Itsasoan, koralak, marrazoak, era guztietako arrainak, marmokak, e. a. Hiri desberdinak, hiru kultura batera -malaysiarrak, hinduak eta txinatarrak-
eta hiru erlijio, musulmana nagusia bada ere. Toki batetik bestera ibili naiz nire bidea aurkitzen eta, aldi berean, nire buruan zer mugitzen den sentitzen eta behatzen. Esperientzia aberasgarria izan da, zalantzarik gabe. Berrituta, ikasia, etorri naiz, pozik eta gehiagorako gogoz.