Gaztetatik egin beharra neukan hori guztia. Hasi anaia, arreba zein gurasoekin baita eskolako kideekin zein beste edozein pertsonarekin ere. Gauzak horrela, sei urte nituela, egin nuen Lehen Jaunartzea eta urtebete geroago Berrespena.
Astero astero, larunbatero, Aitortza egiten nuen hurrengo egunean meza entzun eta Jaunartzea egiteko. Aitortza egitean, behin eta berriz aipatzen nituen bekatu berberak eta beti besteei egindakoak izaten ziren. Nire anaia eta arrebak jo, gezur txikiak esan eta ezer gutxi gehiago. Lanak hartzen nituen astean zehar bekatuak izan zitezkeenak aintzat hartzeko.
Ikasi nuen, horrela, elizan zein etxean eta eskolan neure burua ahazten. Nire gurasoek ere erakutsi zidaten haien burua ahazten zutela, garrantzitsuak zirela besteak. Neure burua bigarren mailan jarrita, zintzoa nintzen.
Urtetako lanaren ondoren, aurkitu nuen, poliki-poliki, ene buruaren ukazioak min handiak ekarri dizkidala bizitzan zehar eta hori ez dela neure burua maite izatea, justu kontrakoa. Ordutik ikasi dut neure burua lehenetsi behar dudala maitasunez. Besteekiko elkartasuna beharrezkoa da baina neure burua kaltetu gabe.