Bakarrik ala bikotean hobeto?

Udaberria iritsi da, maitemintzeko garaia al da? Maitemintzen gara bakardadetik ihes egiteko edo gizakion gure berezko beharra delako bikotean egotea? Joanesek, bere hitzetan, galdera hau luzatu zidan lehengoan.

 

Betidanik gizakiok familia eta tribuetan bizi izan gara. Hori da gure historia, gure izaera. Soilik azken hamarkadotan etorri da gure mendebaldeko gizartera bakarrik bizitzeko aukera sendoa. Aukera hau egonda, zertarako bikotea izan edo bikotean bizi? Bikotean egonda hobeto sentitzen naiz? Praktikotasunari begiratuko diot ala bihotzari?

Nik argi daukat. Nire esperientziaren arabera, bikotean egon naizenetan nire bizitza aberastu egin da, une ilunak egonda ere. Asko ikasi dut neure buruari buruz eta neure burua maitatzen, bikotean egoera ezberdin asko ematen baitira, gaziak eta goxoak. Neure bikotea neure gertuko ispilua da eta horrela, behin eta berriz, neure burua ikusten dut. Bikote harreman osasuntsu batean, neure burua emozionalki zaindu eta indartzeko aukera dut.

Bikotean, maitasuna, oreka, elkarlaguntza, intimitatea, sexu aberasgarria, konplizitatea, ilusioa, bizitzarako indarra, eta beste asko, badauzkat. Bakarrik oso ondo nago, zoriontsua naiz, baina bikote harreman osasuntsua badut, zoriontasuna badator, maitasuna areago bizi baitut.