Denbora ezin “galdu”?

Nire amak lau urte zituela, bere amak esan zion bere ondoan aulki txiki batean eseri eta josten hasteko. Eman zion zapi pusketa eta haria jostorratzean prestatuta. Josi eta ez zaitez hortik mugitu. Nire amonari begira ikasi zuen josten. Ongi ikasi ere, baina ez zitzaion aukerarik eman. Ikasi behar zuen denboraz baliatzen zerbait onuragarri egiteko. Eta bizitza osoa josten eman eta gero, hil aurretik aitortu zidan benetan ez zuela horrenbeste maite jostea baina ez zekiela ezer egin gabe egoten. Beste modu batera, nik ere mezu bera jaso nuen eta ikasketa bera izan nuen. Beti zerbait egiten egon behar dut. Ezin gelditu. Beti asko daukat egiteko zain. Ezin denbora galdu. Eta gainera onura ekonomiko, materiala edo osasunerako ematen badit, hobe. Maiz heldu askori gertatzen zaigun honen aurrean, Bitoriano Gandiagak “Denbora Galdu Alde” liburua idatzi zuen. Aspaldi irakurri banuen ere, ez nuen neureganatu. Denbora ezin “galdu” honetan bizitza joaten zait ez banaiz adi egoten. Oraindik lanari ematen diot nire denboraren zati ederra, gainera. Jakina, horrela dirua irabazten dut eta nire gastu eta zorrei egiten diet aurre. Hala ere, azken bolada honetan, kostata, ari naiz nire buruari esaten “utzi itzak alde batera, neurri batean behintzat, beldurrak eta ikasitakoak. Dirua eta denbora librea ere badira, besteak beste, bizitzaz gozatzeko”.