Urtea bukatu berri da eta badago hemen hurrengoa. Ez dakit zer biziko dudan 2024an baina aurreikuspen batzuk eginda ditut jada, hala nola, lana eta zenbait konpromiso neurri batean planifikatuta, bidaiaren bat ere, eta gutxi gehiago. Asmoak eta gogoak dantzan, sorpresak zain. Neure burua zaintzen eta ezagutzen segitu nahi dut, maite ditudanekin kalitatezko denbora bizi, lana ahalik eta modu txukunenean egin, natura eta bidaiak gozatu.
Eta zerekin egingo dut topo 2024an? Zeren aurrean irekiko naiz? Eta itxi? Zer egongo da berri neure bizitzan? Zer errepikatuko dut, ona zein txarra? Galdera asko eta erantzun gutxi, momentuz.
Joan den urteari errepaso eginda, asko daukat eskertzeko, asko. Aurreikusitakoak, gehien bat bete ditut. Sorpresak ere egon dira eta gehienak onak izan dira. Esaterako, berriz bikote maitasuna ezagutu eta bizitzen ari naiz, osasuna oso ongi joan da eta doa, aurrera egin dut neure burua ezagutzen eta errespetatzen, opariak egin dizkiot neure buruari -tartean mendi irteerak eta bidaia ederrak-, lana oso ongi joan da eta, errepasoarekin bukatzeko, bizitzaren arlo desberdinetan egon diren zailtasunei iruditzen zait orokorrean ongi egin diedala aurre.
Urte osoan presente izan dut nire bizitza neure ardura dela eta honek neure bidean jarri duena nik bizi behar nuela. Kontzientzia eta jarrera honekin segitzea espero dut 2024an ere.