Udaberri hasieran hiru aste eman ditut Estatu Batuetan. Indiana, Missouri eta New Yorkeko estatuetan barrena ibili naiz bikotea eta familia bisitatzen. Mississippi eta Missouri ibai handiek bat egiten duten leku miresgarrian eta Niagarako ur-jauzi ederretan egon naiz. Tornado bat eta honek sortutako triskantzak ere zuzenean ikusi ditut. Gauza askok deitu didate atentzioa, hobeak eta okerragoak.
Hauetako bat izan da zein presentzia handia duten militarrek. Hilerrietan leku bereziak, monumentuak, kaleak, argazkiak, kartelak e. a. Militarrak eta militar ohiak oso presente daude. Unibertsitatean bertan badago gazteak errekrutatzeko bule-
goa. Pankarta batean irakur daiteke “Zuek (militarrak) etorkizuneko liderrak izango zarete”. Zaila egiten zitzaidan ulertzea non dagoen guzti honen sustraia.
Bertan irakurri dudan liburu batek argia ekarri dit. Oso ongi azaltzen du nola gure familiaren historiak, ezagutzen ez badugu
ere, noraino bultzatzen gaituen bizitzan erabakiak hartzera eta dugun bizimodua bizitzera. Jaiotzen garenean ez gara folio
zuri bat. Asko ekartzen dugu idatzita eta horri lotzen gatzaizkio. Estatu Batuetako asko eta asko, gerra desberdinetatik etorritakoen ondorengoak dira eta hori daramate barruan idatzita. Honek, neurri batean, azal dezake nik han ikusitakoa.
Eta nik, zer ekarri nuen idatzita jaiotzean?