Aurora Boreala gure zeruetan

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Nuñez 2024ko eka. 18a, 18:47

Nire amaren ametsetako bat aurora boreala zuzenean ikustea zen. Beti izan zuen gogo handia eta bidaia asko egin bazituen ere, ez zuen amets hau inoiz bete. Nik bai, Kanadan bizi nintzenean hainbatetan ikusi nuen. Bakoitzean desberdina izan zen. Koloreak, irudiak eta mugimenduak aurora bakoitzarenak propio ziren.


Aurten, maiatzak 10 eta 11 arteko gauean ikusi ahal izan nuen ederki aurora Gaintzako gauean. Oraingoan, aurora gorri iluna, odola bezalakoa izan zen. Une batzuetan bioleta aldera jotzen zuen eta goitik behera zetozen zutabe modukoak ikusten ziren. Beranduago, beheko aldean berde-urdina jarri zen. Nik, hunkituta, denbora dexente eman nuen zerua miresten.

Gau iluna zen berez, ilberrikoa, eta zerua garbi egonda, izarrak ikusten ziren. Ume bat sentitzen nintzen. Nire ametsetako bat “Iparraldeko Argiak” Gaintzan ikustea zen. Une horietan, faltan botatzen nuen nire ama. Aurreko igandean amaren eguna izan zen eta egun batzuk beranduago bere amets handi bat bete zen hemen bertan.

Aurora Euskal Herrian bertan ikustea ez da batere ohikoa baina noizean behin gerta daiteke baldintzak betetzen badira, alegia, zeru garbia eta iluna. Maiz atera izan naiz ni gauean etxetik kanpora zerua ikustatzeko eta, zaila iruditzen bazitzaidan ere, aurora ikusi nahi nuen. Bete da ametsa. Nire ama zenak nire begien bidez ikusi izan du aurora.