Hegazkina, trena edo autobusa. Gutako askok izan dugu inoiz amesgaizto hori. Hori zen, gutxi gorabehera, Yolanda Alonso psikologoak iaz idatzitako nobelari jarri zion izenburua. Liburuan bere familiaren pasadizoren bat tartekatu zuen eta familia konstelazioa eratu omen zuen bere lanean, editoreen ustetan.
Yolandak astebete pasa du aurtengo uztailan Gaintzan eta hainbat korapilo landu ditu familia konstelazioen tresnaren bitartez. Aste berean Holanda, Irlanda, Euskal Herria eta beste zenbait tokitako pertsonek landu dituzte antzeko korapiloak. Ez dira izan Gaintzara urrutitik etorritako bakarrak, arrazoia beste bat izan bada ere. Izatez, ekainaren bukaeran Gaintzako Ainhoak eta Ghanako Jeffek bildu zituzten Mailoaren azpian Afrika, Australia, Ingalaterra, USA, Madrid eta Nafarroako ahaide eta lagunak. Tradizio eta kultura desberdinek bat egin zuten Ainhoa eta Jeffen maitasun adierazpena ospatzeko. Ezkontza honetan ezkontide bakoitzak bere familia eta bestearen familia ondratu, ondoren apaizaren bedeinkapena jaso eta segidan ahaideen bihotz hitzak entzun zituzten. Ezkontideek elkarri esandako guztia ongi pentsatuta zegoen eta betez gero, familian korapilo berririk ez da sortuko. Badakit hau erronka handia dela edozein bikoterentzat baina oinarriak jarri zituen gure bikoteak Araitzen maitasunaren hegazkina ez galtzeko.